viernes, 5 de mayo de 2023

Abanto Zierbena, Sanfuentesko XIII. Erromeria ospatzeko prest

Santa Luciaraino astoen igoera tradizionala, pintxoen lehiaketa eta Euskal Erromeria izango dira bihar, maiatzak 6, Sanfuentesko XIII. Erromeriaren ekitaldi nagusiak. Gainera, jai eguna ospatzeko behar bezala jantzita datozen herritarrek oparia jasoko dute.

Goizeko 11:30ean ekingo zaio jardunaldiari Sanfuentesen. Kalejira aterako da Pilar Abin plazatik El Carrejo plazaraino, Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldearekin. Gero, hamaiketakoa eskainiko da, herri-dantzen giroan.

Erromeriako ekitaldirik tradizionalena 12:30ean izango da. Desfilea eta Santa Luciaraino astoen igoera egingo da. Ordu berean, 12:30etik 13:15era, tokian bertan izen-emateak irekiko dira pintxoen lehiaketan parte hartzeko. Partaideek gutxienez 4 osagai erabili beharko dituzte pintxoak egiten dituztenean, eta arrautza izango da osagai nagusia.

13:00etan egurrezko joko tradizionalak eta Irrintzien lehiaketa iritsiko dira, eta 14:00etan aurkeztutako guztietatik pintxorik onena zein den balioztatzeko unea izango da. Ondoren, herri bazkaria; horretarako, goizeko 09:00etan aulkiak eta mahaiak banatuko dira.

Arratsaldez, jarduerek jarraituko dute. 16:00etan, Gezaleriak antolatuta, txikienek beren punteria findu ahal izango dute arku-tiraketari esker eta segidan herri-kirolen ginkanan arituko dira. Ordu erdi beranduago, Sanfuentesko Katxete erako Bolo Elkarteak antolatutako igelen lehiaketa hasiko da. 

Arratsaldeko 18:00etan lehiaketen sariak entregatuko dira, eta erritmoa ez da etengo Sanfuentesen; 19:00etatik gaueko 23:00etara dantzatu eta Euskal Erromeriaz gozatu ahal izango da Sukar Taldeari esker.

Gainera, indarrak berreskuratu nahi dituztenek 19:30ean prezio merkean parrillada dastatzeko aukera izango dute. Ekitaldia Sanjaibak antolatuko du.


Sanfuentesko XIII. Erromeriaren kartela.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes