jueves, 23 de marzo de 2023

Eskultura “bizi" batek Galdameseko Aguas Juntas parkea gune sinbiotiko bihurtuko du, estatu osoan bakarra

Enkartur Enkarterriko Turismo Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Galdameseko Udalarekin batera, “Biodesign Art Construction Galdames” martxan jarriko du, bioartean murgiltzeko gune sinbiotikoa. Eremu hau bakarra izango da estatu osoan, eta aitzindaria Europan. 

Basque Biodesign Centerren bidez, proiektu berritzaile honek bioma edo eskultura “bizi” bati forma emango dio, eta Galdameseko Aguas Juntas parkean jarriko da; honela, eremu honek naturarekin modu berezian konektatzeko aukera emango du, etorkizun iraunkorragoa eraikitzen laguntzeko. 

Enkarterriko udalerri honen edertasun naturalari balioa emateko eta teknologiak bere garapenean lagun dezakeela erakusteko, eskultura hori erakarpen turistiko handia izango da inguru honetan murgildu nahi dutenentzat. Horri esker, Galdames aitzindaria izango da biodiseinuan, teknologian eta artean. Gauzak horrela, parke horretako barbakoak desagertu egingo dira, eta naturarekin harmonian dagoen inguru berria izango da, aintzat hartuta Burdinmendiko Bide Berdeen azpian dagoela; horregatik, erakarpen handia izango da Meatzaldeko trenaren antzinako ibilbidea bisitatzen dutenentzat. 

Proiektuaren aurrekontua 57.900 eurokoa da, eta aurreikusita dago 2023 honetako udaren hasierarako prest egotea. 35.898 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eskutik. Finantzaketa hori Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari (NextGenerationEU) esker egin ahal izan da. Gainontzekoa Enkarturrek ordaindu du. 

Esku-hartze eskultorikoa pieza zentral batez eta zuhaitzetan jarritako pieza txikiez osatuta egongo da; horrela, ingurune naturalean modu estetikoan integratuko da, eta inguruko floraren eta faunaren bizitza bultzatuko du.

Era horretara, gune sinbiotiko bihurtuko da, teknologia eta natura elkartuko baititu. Ildo horretan, Basque Biodesign Centerrek eskultura hori 3D teknologiarekin inprimatutako elementu modularren bidez sortuko du. Horretarako, BDCk formatu handiko 3D zeramika-makina eraikiko du, JetClayren open source dokumentazioa erabilita.  

Esku hartzeko moduak naturan gizakiak egin ez duen arkitekturaren behaketan oinarrituta daude: adarrak, koralak, mangladiak, habiak eta gordelekuak, ingurune naturalarekin erabateko sinbiosia lortzeko. Egitura 3D bidez inprimatzeko modulu bereiziekin diseinatuta egongo da. Modulu horiek, ondoren, elkarren artean konektatzen dira, forma organikoak sortzeko. Forma horiek zuloak eta barrunbeak izango dituzte, espezie ugariri gotorlekua emateko, besteak beste, uretako eta lurreko animaliei, mikroorganismoei, intsektuei eta hegaztiei. 

Proiektu honek irakaskuntza- eta hezkuntza-alderdi bat sustatzen du herritarrentzat, iraunkortasunarekin, biofabrikazioarekin eta teknologia berriekin lotutako gaiei dagokienez. Gainera, neurketa-tresna gisa balio du Galdameseko tokiko ekosistema haztatzeko; izan ere, instalazioetan esku hartzen duten espezieen ibilbideen adierazle gisa balioko du, giza espeziea barne. 

Gainera, esku-hartzearen parte gisa, bi tailer egingo dira. Tailerrotan piezaren atzeko sorkuntza- eta ekoizpen-prozesuak aurkeztuko dira, eta interesatuek aukera izango dute teknika horiekin esperimentatzeko. 


Eskultura “bizi" batek Galdameseko Aguas Juntas parkea gune sinbiotiko bihurtuko du, estatu osoan bakarra

Galdameseko Aguas Juntas parkea.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes