jueves, 15 de diciembre de 2022

Muskizek Gabonetako egitarau zabala eskainiko du

Muskizko Udalak Gabonetako egitarau zabala antolatu du jende ororentzat. Kontzertuak, tailerrak, txangoak, antzezlanak, jolasak, haurrentzako parkea, Mellora igoera eta Olentzero, Mari Domingi eta Ekialdeko Errege Magoak izango dira ekintza nagusiak.

Gabonetako jarduerak bihar arratsaldeko 17:30ean hasiko dira Muskizen. 2011. eta 2014. urteen artean jaiotako umeek diskofesta izango dute Kilkerra Ludotekan. 12tik 17 urtera bitarteko gazteek bere eremua izango dute Gaztegunean. Bihar ere 4-8 pertsonen taldetan “Kutsatuak” Escape Aretoa osatzen azkarrenak zeintzuk diren erakutsiko dute. Bi txanda antolatuko dira: 18:00etan eta 19:15ean, baina aurretiaz izena eman beharko da. 

Larunbatean, hilak 17, Meatzari Aretora musika iritsiko da “Elvis Gospel” Goiko Gelarekin. Arratsaldeko 19:00etan Gabonetako kontzertua eskainiko du bertaratutako guztien gozamenerako. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da. Gainera, igandean, 18, zinema-saioa izango da ume eta helduentzat. 17:00etan “Mundo extraño” haurrentzako filma emango da, eta 19:30ean “La emperatriz rebelde” filmari iritsiko zaio txanda. Sarreraren prezioa 4 eta 5 eurokoa izango da, hurrenez hurren.

Ostiralean, abenduak 23, Zirtaka Antzerki Taldeak Meatzari Aretoan “Din-Dirin-Di Mari Domingi” lana aurkeztuko du. Haurrentzako antzezlana da musikarekin. Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta sarrerak leihatilan eta www.meatzariaretoa.blogspot.com helbide elektronikoan eros daitezke.

Gabon guztietan bezala, Olentzerok eta Mari Domingik Muskiz bisitatuko dute abenduaren 24an. Goizean, 11:00etatik 14:00etara, txiki guztientzat harrera izango da Meatzari Aretoan. Bertan gutunak jaso eta Gabonetarako nahiak entzungo dituzte. Arratsaldean, ohiko moduan, udalerriko kaleetan zehar ibiliko dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera berriz ere Meatzari Aretoan haurrak hartzeko.

Beste urte batez, Gabonetan haurrentzako parkea jarduera nagusia izango da Muskizen. Abenduaren 26tik 29ra Donibane pilotalekuak hainbat jarduera hartuko ditu 10:00etatik 14:00etara eta 19:30etik 21:00etara: Tailerrak, puzgarriak, sorpresak, ludotekak, jolasak, musika…

Abenduaren 28an eta 29an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, tailer teknologikoak eskainiko dira Gaztegunean: asteazkenean zientzia kriminalistikoan hasteko tailerra eta ostegunean robotika tailerra. Abenturako kirola maitatzen dutenentzat, eta batez ere 18 eta 35 urte arteko gazteentzat, abenduaren 29tik 30era multiabenturako txangoa egingo da Arijako urtegira, arroila-jaitsieran jarduteko eta paintballaz gozatzeko. 

Duela 16 urtez ohikoa den bezala, Muskizek ez du urtea agurtzen abenduaren 31ean Mellora herri-igoera egin gabe. Goizeko 09:00etan abiatuko da Kultura Etxetik eta Ikastola, Castaños, La Campa, Posadero Txikito, Fuente Fría eta Los Ilsosetik pasako da, Melloko gailurrera heldu arte.

Halaber, BECeko Gabonetako Haurrentzako Parkera irteera egingo da urtarrilaren 3an 2005 eta 2011 urteen artean jaiotakoentzat. Kultur Etxetik aterako da 10:30ean eta 5 euro ordaindu beharko dira. Gaztegunean eman ahal izango da izena abenduaren 29ra arte.

Urtarrilaren 5ean Errege Magoen txanda izango da. Ekialdetik iritsiko dira, beren pajeekin batera, muskiztarrak bisitatzera beren kabalgata tradizionalean. 18:30ean San Julianen hasi eta Donibane pilotalekuan amaituko da. Bertan txikientzako harrera egingo dute eta, ondoren, Pobeñara bideratuko dira, Muskizko auzo horretako umeak zain egongo baitira.


Muskizek Gabonetako egitarau zabala eskainiko du
Muskizko Gabonetako programazioaren kartela.





 


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes