Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkarteak, Abanto-Zierbena, Muskiz, Zierbena, Artzentales, Galdames eta Sopuertako udalekin batera, ibilketa nordikoko hastapen‐tailerrak eta ibilaldiak antolatuko ditu, ekainetik urrira bitartean, Burdinmendi Bide Berdean.
Guztira, sei tailer egingo dira, meategien trenbidearen ibilbidea zeharkatzen duen herri bakoitzean bat. Horrela, ekainaren 19an Artzentalesen hasiko da lehen tailerra, Traslaviñako frontoian, eta ekainaren 26an Galdamesen, Bide Berdeko Informazio Zentroaren ondoan. Irailaren 18an Sopuertan izango da, Santa Anako frontoian, eta 25ean Muskizen, udal pilotalekuan. Urrian, hilaren 2an, Abanto-Zierbenan antolatuko da, Sanfuentesko frontoian, eta azkena Zierbenan garatuko da, urriaren 23an, La Arena hondartzako turismo bulegoaren ondoan.
Jardueran zehar partaideei makilak banatuko zaizkie, hastapen‐tailerra egingo da, eta 6 kilometro inguruko joan‐etorriko ibilaldia egingo da, saio praktiko gisa. Gero, luzatze‐ariketa batzuk egingo dira, eta, amaitu baino lehen, zalantzen eta galderen txanda izango da. Tailerraren arabera, ibilbideak desberdinak izango dira, baina guztiak Bide Berdetik igaroko dira.
Tailerrak egiteko gomendatzen da arropa eta oinetako erosoak janztea, baita ur‐botila eramatea ere.
Kontuan izan behar da, gainera, tailerrak 18 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoak direla. Lekuak mugatuak dira eta prezioa 4 eurokoa izango da. Izena emateko BURDINMENDI BIDE BERDEA APPAren bidez egin beharko da.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.