viernes, 20 de mayo de 2022

Bueltan da “Uda Gaztea” Muskizen

Muskizko Udaleko Gazteria Arloak antolatutako “Uda Gaztea” programa bueltan da, berrikuntza batekin: hainbat udaleku izango dira eskura ekainaren amaieratik uztailaren erdialdera arte adin-tarte guztietarako (3 urtetik 16 urtera bitartean). 

Alde batetik, Muskizko Udalak Hiriko Udalekuak antolatuko ditu, eta ikastolan egingo dira, ekainaren 28tik uztailaren 15era. Jarduera 2011. eta 2017. urteen artean jaiotako haurrentzat izango da. Triptiko bat sartuko da postontzietan, non herritarrek haurtzaindegi zerbitzua (20 euro 08:00etatik eta 10 euro 09:00etatik) eta jantokia (66 euro) erabiltzeko orduan beren lehentasunak adierazi ahalko dituzte.Hiriko udalekuen prezioa partaide bakoitzeko 71,20 eurokoa izango da. Dena den, anai-arreba bat baino gehiago matrikulatzen dituzten familientzat deskontuak aurreikusi dira: bi izanez gero, bakoitzak izena ematen duenean 50,80 euro ordainduko ditu. Izena ematen duten hiru anai-arrebetatik aurrera bakoitzak 40,60 euro ordainduko ditu. DSBEren hartzaileen kasuan, haur bakoitzarentzako matrikula 35,60 eurokoa izango da, 25,40 eurokoa bi anai-arrebentzat eta 20,30 eurokoa hiru badira. 

Berrikuntza gisa, aurten etxeko txikienentzat udalekuak antolatuko dira -2018. eta 2019. urteetan (biak barne) jaiotakoentzat-, ekainaren 28tik uztailaren 15era, Meatzariko Kilkerra ludotekan, 10:00etatik 14:00etara. Partaide bakoitzeko 60 euro ordainduko dira. Anai-arreba bat baino gehiago matrikulatzen dituzten familien kasuan, ordea, bi matrikulatzen badituzte, bakoitzak 45 euro ordainduko ditu eta hiru anai-arrebetatik aurrera 35 euro. DSBEren hartzaileak izanez gero, haur bakoitzeko 30 euro ordainduko dira, 22,5 euro bi anai-arreben kasuan eta 17,50 euro hiru badira. Gainera, haurtzaindegi-zerbitzua egongo da 08:00etatik eta 09:00etatik aurrera, 20 eta 10 euroren truke, hurrenez hurren. Udaleku hauetan ez da jangelarik eskainiko eta ez da txangorik egingo. 

Halaber, nerabeek kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduerak izango dituzte udal-kiroldegian, uztailaren 5etik 15era, 10:00etatik 14:00etara. Kampus hau 2006. eta 2010. urteen artean jaiotakoentzat da, eta prezioa desberdina izango da parte hartzen den astearen arabera: 24 euro lehenengoan eta 30 euro bigarrenean. 50 euroren truke bietara apuntatzeko aukera egongo da. Beste udalekuetan bezala, prezioa aldatu egingo da izena ematen duten anai-arreben kopuruaren arabera.

Udalekuetan izena emateko ezinbestekoa da udalerrian erroldatuta egotea, eta bi modu erabili ahal izango dira: online, www.muskizudalekuak.blogspot.com webgunearen bidez, edo, Muskizko Gaztegunean, izena emateko orria (etxeetara iritsiko dena), behar bezala beteta, Osakidetzako txartelaren kopiarekin eta xede honetarako egokitutako kontuan matrikularen zenbatekoa ordaindu izanaren agiriarekin batera aurkeztea. Epemuga ekainaren 10a da.

Esan beharra dago, ekainaren 29tik uztailaren 15era, 10:30etatik 13:30etara tailerrak, jokoak, puzgarriak, apar-festa… izango direla Meatzariko Txikigunean. Jarduera hauek 7 urtera arteko haurrentzat dira, eta ez dago izena eman beharrik, ekintza irekia baita. 

Gainera, aurten ere surfeko ikastaroak eskainiko dira, 2006. eta 2014. urteen artean jaiotakoentzako. Ekainaren 27tik uztailaren 1era, 12:30etatik 14:30etara, izango dira, eta 38 euroko prezioa izango dute. Izena Muskizko Gaztegunean eman ahal izango da ekainaren 10era arte, eta ezinbestekoa da udalerrian erroldatuta egotea. 


“Uda Gaztea” ekimenaren kartela.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes