lunes, 24 de enero de 2022

Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketen jardunaldia

60 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte aurrez aurre eta online Zallako El Longar aretoan, pasa den asteazkenean, izandako “Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketak” jardunaldian.  

Enkarterrialdek antolatutako jardunaldi honetan, hitzaldien eta mahai‐inguru baten bidez,  ezagutzera eman ziren basoek ematen dituzten produktuak eta zerbitzuak, eta horiek nola  balorizatu.  

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak jardunaldian parte hartu zuen,  Euskadiren etorkizuna baso sektorea dela azpimarratu  zuen eta Enkarterri potentzial handiko eskualdea dela aipatu zuen. 

Baskegurreko Josu Azpitartek “Zerbitzu Ekosistemikoengatiko ordainketak  eta horiek Bioekonomian duten integrazioa”, mintzaldia eskaini zuen, ondoren Leire Salaberriak, Europako Hegoaldeko Basozainen Batasuneko (USSE) kideak, Sincere proiektua aurkeztu zuen, basoen zerbitzu ekosistemikoak kuantifikatzeko mekanismo berritzaileak sustatzen  dituena. Jarraian Aitor Onaindia Basoa Fundazioko kideak hitza hartu zuen  Berriatuko proiektu pilotu baten berri emateko eta, amaitzeko, Eduardo Rodríguez Bizkaiko Baso Elkarteko kideak Enkarterriko egoerari buruzko hausnarketa egin zuen. 

Galderen txandaren ostean, mahai-ingurua izan zen parte hartutako hizlari guztiekin eta Hazi Fundazioko Iñaki Generabarrenarekin. Euskadiko baso arloaren etorkizuna, epe  ertainean aurreikusten den egiturazko aldaketa, herritarren perspektibaren garrantzia, belaunaldi‐erreleboa edo basoen kudeaketan aurrera egiteko Enkarterrik duen ahalaz aritu ziren.  

Jardunaldiak hiru ordu inguru iraun zuen, eta graphic recording bat egin zen, hau da,  jardunaldiko edukien denbora errealeko ilustrazioa, giltzarriak grafiko batean islatuz. Dokumentu hori partaide guztiei igorriko zaie.  

“Zerbitzu ekosistemikoengatiko ordainketak” jardunaldia Enkarterri Open Lab‐en kokatu behar da, basogintza arloan hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lantzen ari den proiektuan. Eskualde osasuntsua, berritzailea  eta adimentsua balioan jartzeko xedea du hasieratik, bioekonomiarako urratsak  emateko.

Jardunaldia, Zallako El Longar aretoan izan zen.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes