miércoles, 1 de diciembre de 2021

Abanto-Zierbenak Euskararen Eguna ospatuko du hainbat ekintzarekin

Abanto Zierbenak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko du ostiralean, abenduak 3, eta ekitaldi ugari antolatuko ditu, euskaldunek egindako ahalegina eta ekarpena aitortu, eskertu eta balioesteko, eta euskaldun berriak animatzen jarraitzeko, euskararen biziraupenerako eta garapenerako ezinbesteko sostengua baitira. Gainera, Udalak bat egin du Hakobako (Herri Administrazioen Hizkuntza Politikarako Batzordea) Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpenarekin.

"Asmazank lehiaketa jarriko dugu abian, gure herritarrak euskaraz jolasten ondo pasa dezaten, honela, euskara kalera ateraz. Trivial formatuaren antzekoa da, eta parte-hartzaileak entretenitu nahi ditu: familia osoak, koadrilak edo banaka jolastu daiteke. Galderak udalerriari, euskarari eta kulturari buruzkoak izan daitezke, eta lehiakideek lau erantzun izango dituzte aukeran. Lehiaketa honek euskaraz hitz egitea sustatzen du, baina, batez ere, gozamenetik bizitzea”, esan du Iñaki Urrutia Abanto-Zierbenako Euskara zinegotziak.

Lehiaketaren egunean telefono mugikorrean emango den kode bat sartu beharko da, plataforma batera sartzeko. Bertan, parte-hartzaileek lau erantzun posible dituen galdera-sorta aurkituko dute, eta horietatik bakarra izango da zuzena. Galderen gaia adin guztientzat izango da eskuragarri.

Lehiaketa Gallartan egingo da, Eusko Gudariak plazan, eta txandak igaro eta amaieraraino iristen direnentzat saria izango da. Lehen saria 150 euroko balioa duen produktu lote bat izango da, bigarrenak 100 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 70 euro. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek 94.636.20.00 telefonoan eman beharko dute izena.

Goizean, Dolores Ibarruri Institutuko ikasleek euren ezagutzak probatzeko txanda izango da eta arratsaldean, berriz, Asmazank publiko guztiari zabalduko zaio.

Lehiaketan zehar, galderak eta erantzunak pantaila erraldoi baten bidez ikusi ahal izango dira. Eguraldiak uzten badu, Eusko Gudariak plazan egongo da. Eguraldi txarra egiten badu, lehiaketa Gallartako Txikito pilotalekutik dinamizatuko da.

Lehiaketa amaitu eta sariak banatu ondoren, ostiraletako poteoaz gozatu ahal izango da, Gallartako tabernetan ibiliko den KIDAM magoaren magiak girotuta.


Abanto-Zierbenako Udalaren logoa


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes