lunes, 29 de noviembre de 2021

Meatzaldeko Berbalagun programa martxan da

Euskara eskualdean zabaltzeko xedez, Meatzaldeko Berbalagun programa abiarazi da berriro ere. Oraindik izena emateko epea zabalik dago, dagoeneko 100 lagun baino gehiagok izena eman dute eta jada 19 talde aktibatuta daude.

Berbalagun euskara-maila hobetzeko, euskaraz lagun berriak egiteko, eta bereziki, euskaraz bizitzeko aukera ematen duen programa da; hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duena.

Berbalagunen Muskiz, Abanto-Zierbena, Ortuella eta Trapagarango edozein herritarrek har dezake parte, baina euskara maila minimoa izatea eskatzen da, B1 hain zuzen ere.

Berbataldeak normalean 4-5 lagunekoak izaten dira, talde txikietan giro lasaia eta lagun artekoa eskaintzen da eta hizkuntza-ohiturak aldatzea errazagoa da. Gainera, parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz batu.

Horretaz gain, zaletasun baten inguruan biltzen diren xede-taldeak ere badaude, adibidez, eskulanak egiteko edo paseatzeko. Aurten ere, eskaintzaren barruan mendilagunak martxan jarriko dira, eta ikasturtean zehar Meatzaldeko mendietatik txangoak egiteko aukera zabalduko da. Era berean, Kirola eta Natura izeneko taldea dago, arrakasta handiz kirolaren edo naturaren inguruko jarduerak betetzen dituena: orientazio-probak, ibilbide gidatuak...

Urtero bezala, familientzako eskaintzak ere badira; gurasolagun. Guraso euskaldunak eta ikasten ari direnak egoera berean dauden harremanetan jartzen dira, tailer, ikastaro edota txangoen bitartez.

Berrikuntzen artean Ezagutu Meatzaldea lehiaketa antolatuko da 2022ko urtarriletik aurrera. Galdera sorta baten bidez, Meatzaldeako herrien ezagutza sustatu nahi da. Formatu digitala izango du eta lehiaketa irekia izango da. Edozeinek parte hartu ahal izango du.

Ekintzen artean mintzodromoak nabarmendu behar dira. Lehenegoak, azaroaren 30ean Ortuellan, eta abenduaren 2an Muskizen izango dira. Hurrengo mintzodromoak martxoan izango dira: Trapagaranen eta Abanto-Zierbenako euskararen astearen barruan.

Izena eman nahi duenak Meatzaldeko euskaltegietara edo udaletako euskara zerbitzuetara hurbil daiteke. Bestela, Berbalagunen telefonora 607 678 075 whatsappez mezua bidali ahal da.

Informazio gehiago: www.praktikatu.eus



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes