Maiatzean, Galdamesko Udalak berriz ere martxan jarriko du “Bat‐batean Galdames” programa, hitzaldien bidez udalerria ezagutarazteko ekimena.
Helburua Galdames udalerria ezagutaraztea da, bere historia, ondare eta naturaren bitartez. Horretarako, maiatzaren 7an, 14an, 21ean eta 28an (ostiralak), 19:30ean, hainbat hitzaldi antolatuko dira herriko udal‐pilotalekuan.
Maiatzaren 7an “Hezkuntzaren bide luzea” hitzaldia eskainiko du Ikusmira Ondarea erakundeko Amaia Apraizek. Izenak berak adierazten duenez, azken urteotako eskolen eta, oro har, hezkuntza‐ereduaren gainean arituko da. Proposamen honek zerikusia dauka joan den urtean Memoria Historikoaren liburuaren bitartez landu zen gaiarekin eta, batez ere, gauzatu ezin izan ziren ondare jardunaldiekin.
Berdin gertatzen da maiatzaren 14ko hitzaldiarekin. “Galdames, ikasgela irekia” udalerriko ikastetxeei buruzko hitzaldia izango da, eta Carlos Glaria historialaria izango da hizlaria; hain zuzen ere, bera arduratu da udalerriko bisita gidatuez aurreko edizioetan.
Maiatzaren 21eko eta 28ko hitzaldien bitartez, lur azpiko Galdames ezagutuko dugu, Udalaren eta Galdamesko BURNIA espeleologia‐sozietatearen arteko lankidetzari esker. Hilaren 21ean María Angeles Medina‐Alcaidek eta Iñaki Intxaurbe Alberdik elkarrekin emango dute hitzaldia. “Arteaz harago: apaindutako kobazuloen testuinguru arkeologikoa argitzen” eta “Lehen espeleologoen aztarnei jarraika: kobazulo sakonetan labar‐artea aurkitzea” izango dira hitzaldien izenburuak, hurrenez hurren. Iñakik kobazulo sakonetan aurkitutako labar‐arteari buruz hitz egingo du eta María Angelesek, berriz, Kantabriako Unibertsitateko eta “Before Art” proiektuko kide gisa garatu duen ikuspegia azalduko ddu.
“Bat‐batean Galdames” zikloa maiatzaren 28an amaituko da, Ignacio Fernández de Burniak eskainiko duen mintzaldiarekin: “Galdamesko mendien lurrazpiko ondare naturala”.
Betiere osasun neurriak errespetatuz, hitzaldietara etorri nahi duenak ez du izena eman behar, baina tokiak mugatuak izango dira.
![]() |
Programaren kartela |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.