Euskara ikasteko eta udalerriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan euskarazko errotulu eta toldoak instalatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du Muskizko Udalak. 10.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetarako, eta bata zein bestea euskararen erabilera sustatzea dute helburu.
Idoia Inoriza Euskara Zinegotziaren ahotan, “urtero-urtero, auzotarren eskaerak handitu egiten dira, horregatik, mota honetako laguntzak bultzatzen jarraitu behar ditugula uste dugu, gure hizkuntzaren erabileran eragiteko eta euskararen ikasketa sustatzeko”. Gainera, zinegotziak komertzioetako eskaerak kontuan hartuta, deialdi honetan errotulu eta toldoetako partida handitu egin dutela jakinarazi du.
Udalerrian erroldatutako herritarren laguntzei dagokienez, HABEk homologatutako ikasketa zentro publiko zein pribatuetan egiten diren ikastaroak lagunduko dira diruz, bai urritik ekainera arte egindakoak, bai udako hilabeteetakoak. Dirulaguntza matrikularen %50a izango da, baina eskatzailea begiralea izanez gero edo Eusko Jaurlaritzan inskribatutako kirol zein kultura elkarteetako kidea izanez gero, matrikularen %75a jasoko du, betiere 300 euroko muga pasatu gabe. Dirulaguntza hauetarako Muskizko Udalak 8.000 euro bideratuko ditu.
Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da Muskizen erroldatuta egotea, eta, gutxienez, egindako ikastaroetan %85eko asistentzia izatea. COVID-19ak eragindako alarma egoera tarteko, ikastaro osoa kontutan hartuta eta gutxieneko asistentziara iristen ez diren horiek martxoaren 14tik ekainaren 21era arteko eskolak albo batera utzita kalkulatu ahal izango dute asistentzia.
Horretaz gain, Udalak 500 euro bideratu ditu Muskizko Udaleko langileen euskara ikastaroetarako.
Elebitasun aktiboari jarraiki euskarazko errotulu edo toldoren bat instalatu duten Muskizko komertzio edo ostalaritza establezimenduetarako 1.500 euro bideratuko ditu Udalak, alegia, beste urte batzuetan baino gehiago. Toldo eta errotuluak euskara hutsez idatzita egonez gero, elementu bakoitzaren fakturaren % 50a emango zaio, betiere 360 euroko muga gainditu gabe. Aldiz, toldo zein errotulu elebidunak fakturaren %30a jaso dute, kasu horretan, 180 euroko mugaraino. Eskatzaile bakoitzak, gehienez ere, 500 euro jaso ahalko ditu dirulaguntza hauen bitartez.
Eskaerak behar bezala beteta aurkeztu beharko dira Muskizko Udaleko Erregistroan edo Euskara Zerbitzuan, urriaren 5etik 30era, 9:00etatik 13:00etara.
![]() |
Muskizko Udalaren logoa. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.