Koronabirusak
hankazgora jarri ditu aurtengorako edozein eragilek inoiz egindako
aurreikuspenak. Martxoa baino lehenagoko datuek, asmoek, gurariek ez dute deus
balio honezkero. Gaixotasunak ezustean harrapatu du mundu guztia, bere
zentzurik hitzez-hitzezkoenean. Milakaren bizia itzali du, eta gainerakoena
baldintzatu.
Ekonomian,
aurreko gizaldian mugarri izandako odolusteen sasoitik ezagutu gabeko
triskantza eragin du. Kutsatzeei itxialdiarekin egin zaie aurre eta eguneroko
jarduna etete horrek ataka larrian jarri ditu hainbat norbanako ekintzaile eta
enpresa. Estatistikak hasi dira zauri horren larritasunaz ohartarazten, hondamendia
zenbaterainokoa izan den zehazten.
Euste-asmoaz
haragokorik ez da sumatzen bazterretan, hain da neurrigabea ziurgabetasuna. Olatu
aurrekora nolabait itzultzea lorpena da berez, lanaldi berberaren etekina orain
murritzagoa denez gero. Lana galdu edo kolokan dutenak izuak jota daude, behartuta
geldi daudenen zerrendetan luzarorako preso geratzearen arriskuaz ohartuta. Areago
pandemiaren bigarren zartada batek udazken-negu partea gordintzen badu.
Egoera honetan,
biziki nabarmentzekoa da 80 milioi euroko inbertsio bat. Deskarbonizazioaren
distira badakar, gehiago. Repsolek eta Petronorrek ekainaren 15ean
iragarritakoa apustu sendo baten lehen urratsetakoa da, orain arteko paradigmak
aldatzerainokoa. Bi egitasmok osatzen dute. Batetik, elektrizitate
berriztagarria iturri energetikotzat hartu eta hidrogeno berdea eta CO2a
baliatuta erregai sintetikoa edo e-fuelak ekoizteko demostrazio industrialeko
instalazio batek. Bestetik, berreskuratutako erregai solidoaren balorizaziorako
egitekotan daudenak: hiri hondakinetatik abiatuta gasa sortzea du xede, deskarbonizazioaren
mesedetan Petronorren ohiko erregai kontsumoaren zati bat ordezkatzeko
erabiltzekoa.
Bizkaira datozen itzal handiko proiektuak dira biak,
Bilboko portu ingurura lehen aukeran. Abangoardiakoak dira, lau urtetan
gauzatzekoak, epe laburrekoaz gaindi luzerago oparo baino oparoagoak izan daitezkeenak.
Ez da marketina, ez hitz handiosoen bilduma antzua. Konpromiso landua da,
berrikuntzarik puntakoenean oinarritua, egungo arazoei etorkizuneko irtenbideak
ematekoa.
Erregai sintetikoarena, esaterako, mugarri diren
jauzietakoa izan liteke, egungo autorik gehienentzat baliagarria den aldetik.
Gainera, ez dauka mugikortasun elektrikoaren mugarik (ibilgailu handietan,
itsasontzietan edo hegazkinetan bereziki begibistako direnak), ez bateriak
sortu eta birziklatzeak eragiten duen arazorik. Halabeharrez, hemendik
hamar-hogei bat urtera teknologia ezberdinen batuketak eta horien arteko lehiak
itxuratuko dute arlo honetako errealitatea, berrikuntza eta konpetentzia
pizgarri direla.
Repsolek eta Petronorrek ausardiaz ekingo dute, desafioei
aurrea hartuta. Abagunerik gogorrenean ere aitzindari legez plazaratu dira, eta
Bizkaitik. Honelako ekimen askoren premia dago, pandemiak gizartea noraezean,
lurra jotzear utzi duenean. Egun eta urte hobeak etorriko direlako, baina
honelakoen eskutik, ez berez.
Hitzak eskaintzen dituen asko dago, eta horiek neurri
bateko balio terapeutikoa izan dezakete. Baina egintza gosez dabil jendartea,
atzeraka dabiltzan askoren artean aurrera begirako urratsak ematen dituztenen
esperoan. Hemen daude bi.
![]() |
Emiliano López Atxurra, Josu Jon Imaz eta José Gregorio Luque, egitasmoen aurkezpenean. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.