miércoles, 22 de enero de 2020

Muskizek prozesu parte-hartzailea antolatuko du larrialdi klimatikoaren aurrean

Larrialdi Klimatikoari buruzko Erakunde Adierazpena izenpetu berri du Eusko Jaurlaritzak eta Muskizek ere bere kabuz landu nahi du gaia herritik bertatik. Hori dela eta, ingurumenarekin eta larrialdi klimatikoarekin lotutako egungo egoeraren aurrean, Muskizko Udalak prozesu parte-hartzailea jarriko du abian auzokideekin batera, arazo honen aurrean erronkak eta konpromisoak ezartzeko eta eguneroko zein ohitura har edo alda daitezkeen ikusteko.

Tailerrak antolatuko dira eta hiru ardatz nagusi izango dituzte: hondakinak, energia eraginkortasuna eta mugikortasun iraunkorra. Dagoeneko hiru esparru horiek lantzen ari da Muskizko Udala, Ingurumen Sailaren bitartez. Hondakinei dagokionez, hurrengo hilabeteetan atez ateko kima bilketa zerbitzua ezarriko da, eta konpostagailuen banaketari ekin zaio jadanik (otsailaren 5era arte eskatu ahal dituzte auzotarrek konposta egiteko gailuak). Ildo beretik, 2030 Agenda Plana (lehengo Agenda 21) ere lantzen ari da. Oinarrizko dokumentu honetan udalerriaren diagnostikoa egiteaz gainera, aurrera atera nahi diren hobekuntza guztiak eta GIHak (garapen iraunkorrerako helburuak) aztertzen dira.

KEIEP Klimaren eta Energia Iraunkorraren Aldeko Ekintza Plana ere aurrera aterako du Udalak, baita herritarrak eta eskola umeak arlo honetan kontzientziatzeko helburua duen 2020. urteko estrategia kanpaina ere. Honen bitartez plastikoaren erabilera murrizteko eta plastikoa berrerabiltzeko taldeak sortuko dira, eta gainera, mugikortasun iraunkorraren harira, etorkizunean udalerrian ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak ipintzea aztertzen ari da Udala.

Prozesu parte-hartzaile honen lehenengo urratsa kafe-tailerra egitea izango da, eta bertan atzemango dira etorkizunerako lan-bide posibleak. Lehen bilera hau otsailaren 5ean, Muskizko Gaztegunean, 18:30etik aurrera, antolatuko da. Parte hartu nahi dutenek http://www.muskiz.org webgunearen bidez eman ahalko dute izena edo baita 688 736 136 telefonora deituz.



Ekimenean parte hartzeko gonbidapena.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes