jueves, 12 de diciembre de 2019

Lehen lerroan

Klimaren Madrilgo Goi-Bilerak aldaketa klimatikoari aurre egiteko 2016an sinatutako Parisko Akordioa betearazteko urratsak sendotzea du helburu. Abenduaren 2tik 16ra bitartean 25.000 lagun ari dira bertan asmo horrekin, 196 herrialdetako gobernuen ordezkariak tarteko. Beroketa globala eta horrek jada eragindakoa mugatzeko ekinbideak askotariko adostasunak eta konpromisoak eskatzen ditu, eraginkortasunez jokatu nahi izatekotan.

Denetariko eragileen ekarpenek lortu dute emergentzia klimatikoa agenda politikoko lehentasunen artera eramatea. Baina ez da nahikoa izan, bistan denez. 2017ko datuen arabera, urte hartan 36.000 milioi karbono dioxido tona isuri ziren: %27,2, Txinak; eta %14,6, Estatu Batuek. Herrialde bi horien artean, %41,8. Jarraian, India (%6,8) eta Errusia (%4,7). Espainia askoz atzerago zegoen, %0,8 berea zuela.

Madrilen bildutako herrialdeek anbizio klimatikoa areagotzeko neurriak hartu behar lituzkete CO2-aren isurpenak murrizteko euren ekarpen nazionalak handituz, nahiz eta zenbateko zehatzak 2020an formalki jakinarazi. Horrez gain, Parisen adostutakotik karbono merkatuak arautzea falta da. Erronkak ez dira nolanahikoak, hartutako konpromisoak bururaino eramateko zein berriak norbere gain hartzeko. Planetaren tenperaturaren igoera gehienezko 1,5 gradura mugatzeak maila guztietako hamaikatxo ahalegin behar ditu, prozesua ezerezean edo erdibidean ez geratzeko.

Testuinguru honetan, badira erabaki ausartak hartzen ari diren eragileak. Horietakoa da Repsol, bere arloan mundu mailako aitzindari legez diharduena. Abenduaren 2an plazaratu zuen iragarpena ondo merezitako oihartzun betekoa da. Izan ere, 2050ean zero isurpeneko konpainia izango da. Petronor hartzen duen taldeak trantsizio energetikoaren buru izan nahi du, Parisko Goi-Bileraren eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko helburuekin bat eginda. 2016a abiapuntutzat hartu eta karbono intentsitateko bere adierazlea murrizteko xede berriak ezarri ditu: %10ekoa 2025erako, %20koa 2030erako eta %40koa 2040rako, 2050ean CO2ko zero isurpen garbira arteko bidea egiteko.

Bide-orria zehatz landutakoa da. Repsolek dio jada gaur egungo teknologiarekin, helmuga duen urterako, aurreikusitakoaren %70eko murrizketa lor daitekeela gutxienez eta konpromisoa hartzen du kopuru hori hobetu asmoz teknologia berriak baliatzeko, CO2-a harrapatzea, erabiltzea eta pilatzea barne hartuta. Baina konpromisoa hain da sendoa, guzti hau nahikoa ez balitz ezarritako helburua betetzeko basoberritzeen eta bestelako irtenbide klimatiko naturalen eskutik isuriak konpentsatuko dituela.

Josu Jon Imaz kontseilari delegatuaren hitzetan, “sinetsita gaude aldaketa klimatikoari aurre egiteko borrokan helburu anbiziotsuagoak ezarri behar ditugula. Repsolen momentua hauxe dela uste dugu. Etorkizunaren aldeko apustua den konfiantza osoan egiten dugu. Ditugun desafio handiei argitasun estrategikoz aurre eginda soilik lortuko dugu horiek aukera bihurtzea”. Mamiz betetako mezua da, lan-ildo oso bat laburbiltzen duena.

Lehen lerroan jarri du bere burua Repsolek; eta honekin, Petronorrek. Horien apustua atzeraezinezkoa da, politika industrialen, lankidetzaren eta konpromisoaren eskutik urrats neurgarriak egitekoa, trantsizio energetikoan funtsezko eragile izatekoa, norbere aletik guztiontzat etorkizun hobea irabaztekoa.


                     
Konpromiso zehatzak aletu ditu Repsolek 2050era bitartean, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan bere arloko buru izateraino.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes