miércoles, 23 de octubre de 2019

Biharkoa, gaur

“Berrikuntzaren eta bere bezeroen beharrizanetara egokitutako produktu eta zerbitzu berrien aldeko Repsolen apustuaren adibide argia da instalazio hau”, adierazi zuen urriaren 7an Ugaldebietako hornitegian Josu Jon Imazek. Birkarga elektriko ultra-azkarraz ari zen, hori ahalbidetzeko bertan jarritako azpiegitura berriaz. Mota honetako bigarrena da penintsulan, eta lehena ere Euskal Herrian dago, Arabako Lopidan, apirilaren lehenetik.

Abanto Zierbenakoak baditu bereizgarri batzuk: banaka 400 kilowatt-era arte emateko gai diren lau terminal ditu, gehienezko potentzia har dezaketen ibilgailuetako bateria bost eta hamar minutu bitartean birkargartzeko bestekoa. Hau da, ohikoan edozein autoren depositua betetzeko adina denbora besterik ez da behar. Gainera, aldi berean konekta daitezkeen lau ibilgailuentzako potentziaren banaketa egokia bermatzen du instalazioak. Orain artekoarekiko ez da aurrerapauso makala, Europan ibilgailu eta kamionetentzako azpiegiturak 350 kilowatt-era arteko potentziakoak zirelako. Abangoandiarkoa da, beraz, ibilgailu elektrikoen birkargarako teknologiari dagokionez.

Ugaldebietako hornitegiko birkargarako terminalek potentzia dute bereizgarri nagusietakoa, baina ez bakarra: hornitegian posible izango da eguzki-plakak eta energia-metaketa helburu ezberdinekin baliatzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko edo energia hori momentu egokian etxebizitzak eta industriak elikatzen dituen sare elektrikora bideratzeko. Modu horretan, ibilgailuok elikatzeko energia sortzearen ondoriozko isuriak gutxitu edo ezereztu egingo dira.

Guzti hau ez da lortu urruneko teknologiara jota, bertokoari esker baizik. Ibil-en gidaritzapekoa izan da egitasmoa, instalazioa diseinatu eta egitetik hasi ─azpiegitura elektriko gehigarriak barne─ eta sistema osatzeraino. Mugarri teknologikoa izan da honakoa, Ingeteam eta Ormazabal enpresekin lankidetzan burututakoa. Ugaldebietakoaren inaugurazioaren ostean, Repsolek birkarga ultra-azkarreko bi puntu dauzka bere hornitegietan, eta birkarga azkarreko 35. Gainera, Ibil-en eskutik, 1.700 puntutik gorako sarean hartzen du parte, eta horietako 230 erabilera publikokoak dira.

Ez dira, bada, asmo hutsak ibilgailu elektrikoen alorrean Repsolek dituenak, errealitatez osatutakoak baizik, konpainia energianiztun bati dagozkionak. Etorkizuna, trantsizio energetikoaren ostekoa, askotarikoa izango delako. Garbiagoa, ziur, teknologia berriak zabaldu eta orain artekoak hobetzen diren neurrian. Badago bertoko industria zainduta hori lortzerik, bide berriak jorratzeko eta apustu sendoetarako ildo zehaztua Euskal Herrian ondo landutakoa den neurrian. Zirt edo zartekoa baizik mailakatua behar du prozesu horrek, premiei egokitutakoa eta laprast egin gabeko urratsen bidezkoa.

Hitz potolo biluzien eta aldarrikapen handioso antzuen ordez, norabide egokia da enpresei eskaintzea dagokiena, ingurumenarekiko eta indarrean dagoen legediarekiko errespetu proaktiboa lehiakortasunarekin eta enplegua bermatzearekin uztartuta. Guztiok eguneroko bizimoduan behar dugun energia gero eta garbiagoa izateko konpromisoa badago kasuon, baita jauzi horretan aitzindari izatekoa ere. Ez da egitaterik falta. Ugaldebietakoa da adibideetako bat.    
Ugaldebietako birkarga puntu ultra-azkarraren inaugurazioan parte hartu zuten agintariak.
            

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes