viernes, 13 de septiembre de 2019

Muskizek bere Nekazaritza Azokaren XXXVII. edizioa izango du igandean

Datorren igande honetan, irailak 15, Muskizek bere Nekazaritza Azokaren XXXVII. edizioa izango du. Bizkaiko Nekazaritza produktuak, Txakolin Sari Nagusia, zaldi lehiaketa eta bertako abereen erakusketa nabarmentzen dira azokaren programan.

Muskizko Azokak 90 saltoki baino gehiago izango ditu. Bertan, gazta, frutak, barazkiak, eztia, hestebeteak, arrautzak, gozogintza, txakolina, loreak, produktu ekologikoak, kontserbak eta nekazaritzako makinak ere aurkitu ahalko dira. Abeltzainek zaldi eta behi arraza desberdinak ekarriko dituzte, bai eta hainbat ardi eta ahuntz mota ere. Horretaz gain, Fernández Terreros harategiak txekor bat erreko du.

Guztira, 10 gazta saltoki izango dira, non bisitariek Idiazabal gaztak eta beste mota batekoak dastatu ahal izango dituzte. Ildo beretik, okintzak eta pastelgintzak izango dute aurten ordezkaritzarik handiena Muskizko Azokan. Hala ere, Txakolin upeltegiek bereganatuko dute arretarik handiena, Txakolin Sari Nagusia ospatu egingo baita, zuria, beltza eta oilar-begia modalitateetan. 10 txakolin ekoizle bilduko dira, eta 20 txakolin motatik gora ekarriko dituzte, sagardoaz gain.

Bertako abere erakusketari dagokionez, 100 abelburu erakutsiko dira. Zaldi lehiaketan, berriz, orotara, 37 animaliari eman zaio izena. Aurten, zaldi lehiaketarako esparru berri bat izango da azokan. Poniak erakusten diren eta lehiatzeko erabiltzen den laukian bertan egingo dira poni paseoak, lehiaketa bukatu eta berehala. Meatzaldeko jabeen arraza gurutzatuko zaldien mailan (orokorrean eta lokalean) eta Muskizko jabeen arraza garbiko zaldien mailan sariak banatuko dira.

Urtero bezala, Aukeren eta Bertako Merkataritzaren Sustapenaren XII. Azoka ospatuko du Muskizko Merkatarien Elkarteak, San Juan plazan bertan dagoen pilotalekuan. Mota bateko eta besteko produktuak ikusi eta erosteko stand ugari jarriko dira pilotalekuan.



Muskizko Nekazaritza Azokaren XXXVII. edizioaren kartela.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes