Gizaldi
bakoitzak bere erronka teknologikoak izan ohi ditu, gizateriaren etorkizuna
maila globalean norabidetuko dutenak. Berrikuntzaren abiada ziztu bizikoa da
sasoion eta, gaur egun, mugarri diren jauziak ez dira oso noizean behinekoak,
bata bestearen berehalako segidakoak baizik. Hala, daborduko aurrerakuntza ez
dago benetan erabakigarri ziren urrats bakarti eta arloka zein geografikoki fokalizatutakoen
menpe. Etengabeko jario oparo baten antzekoa da gaur egun, inoizko emaririk
zabalenekoa; lankidetzan eta, aldi berean, konpetitibitatean oinarritutakoa,
munduko zokondo askotatik jalgitakoa.
Teknologiaren
oraingo aurrerabidea gizakiaren sortzetiko jardunean zuzen-zuzenean eta inoizko
gehien eragiterainokoa da. Planetan ardatz izandako horren berezko izaera
ñabarduraz betetzerainokoa, gaurtik aurrerako azterketa antropologiko oro
zeharo bestelakotzerainokoa. Haatik, bizitzeko modua iraunkortu ahal izateko,
aro berri honetan jokabide ugari zuzendu beharko dira errotik, aldaketa
klimatikoak mamu zehazgabe izateari utzi baitio benetazko mehatxu global bilakatzeko.
Eta horri eraginkortasunez erantzutekoen artekoa da hirietako
mugikortasun-ereduak erabat berritu beharra. Finean, ingurumena babestea
aintzat hartzen duten garraiobide efizienteak bultzatu behar dira, sistema
produktiboaren lehiakortasunean kalterik eragin ez eta, ostera, horiek pizgarri
gisa baliatuta.
Mugikortasun
iraunkorrera heltzeko egiten dihardutenez eta falta diren guztiez mintzatu
ziren otsailaren 20 eta 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian Petronorrek eta
Bilboko Udalak antolatutako Sum Bio’19 biltzarrean bat egindakoak. Orotara, 15
saio, 77 gai eta 1.400dik gora parte-hartzaile hartu zituen estraineko kongresu
honek, ‘XXI. mendeko hiriak mugitzen’ goiburupekoak. Han-hemenkako hainbat
hiriren esperientziak partekatzeaz gain, ildo filosofikoagoak ere jorratu
ziren, non gauden, helburuetaraino nola hel gaitezkeen eta trantsizio horretan
egin beharreko hautuek zertan eragingo duten ahalik eta gehien argitze aldera.
Emiliano
López Atxurra Petronorreko presidenteak ideia bat hartu zuen ardatz biltzarraren
hasierako saioan: etorkizuna orainaldian eraikitzen da. Hortik jota, bere
esanetan, karbono-aztarnaren murrizketa eta ekosistemaren iraunkortasuna bermatzeko
“gobernantza sendoa, protagonismo teknologikoa eta indar industriala”
ezinbesteko dira; beti ere, “gure muga mentalek” bultzatutako “proposamen
erretorikoak eta sinplistak” alde batera utzita. Izan ere, nabarmendu zuenez, prozesu
honetan arrisku larrian jarriko da ongizate sozioekonomikoa, baldin eta
Europaren interesak kontuan hartu ez eta berori benetako munduan txertatzen ez
bada.
López
Atxurrak “Europaren lehiakortasun tekno-industrialaren egiazko beharrak”
aldarrikatu zituen, bertoko eredu sozioekonomikoaren lidergoa ahalbidetzeko.
Hortik abiatuta, “gure posizioak indartzea” eskatu zuen, “horixe baita, gure
industria ahuldu gabe, deskarbonizazioaren bidean aurrera egiteko dugun modu
bakarra”. “Neutraltasuna eta pertsonen mesedeko optimizazio teknologiko-industriala
oinarri dituen deskarbonizazioari zorroztasunez” ekiteari nahitaezko iritzi
zion; eta, hirugarren zutabe modura, “karbono-aztarna murrizteko estrategia
indartzea” proposatu zuen, “giza-habitatean eraginkortasun energetikoa eta
iraunkortasuna” lideratuz.
Biltzarra
ez da hausnarketa eta iritzi-truke hutsean geratu. Konpromiso zehatzak
ahalbidetu ditu, Bilboko Adierazpena deitutakoan jasotakoak hain zuzen. Eragile
publiko zein pribatuek sinatutako honek −tartean Petronorrek−, elkarlanean
adostutako norabidean konpromisoak hartzera bultzatu gura ditu tokian tokiko
gobernuak, nazioarteko erakundeak, sektore ezberdinetako enpresa pribatuak
(automozioa, garraioa, energia, teknologia, start-up-ak…) eta bestelakoak. Biltzarraren
ekarpena ez da, beraz, azalpenezkoa edo teorikoa soilik izango. Erabaki eta
lan-ildo praktikoetarako tresna ere bada dagoeneko. Bertan bildutako guztiek
jakin baitakite zein garrantzitsua den jokoan dagoena, zenbaterainoko ondorioak
izan ditzakeen uste baino lehen.
Errealismotik egin behar zaio aurre datorrenari, erabakimenez eta hainbeste kostata lortutako ongizatea kolokan jarri gabe. Teknologiak eman ditzakeenetan sakondu eta horren ondoriozkoak onura kolektiborako baliatuta, erritmoak ondo neurtuta eta helburuak argi aletu eta elkarrekin partekatuta. Alde horretatik, Sum Bio'19 ez da amaitu, ez da azken saioarekin itxi. Egunerokoan izan behar du jarraipena.
Oso oparoa izan da Sum Bio'19 biltzarra. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.