Euskarari arrotz zaizkio hainbat arlo oraindik. Bai, egia da: zuzenagoa litzateke hainbat arlotan arrotz bihurtarazi dutela esatea. Eta ez da izango legezko onarpenera eta normalizazio nahietara heldu berria delako. Herritargoaren gehiengo oso zabalaren gurariz, bere aldeko sustapen prozesu iraunkor, landu eta egituratua 1982tik honakoa badelako gutxienez, Euskararen Legearen onarpena mugarri nagusitzat hartuz gero. Eskala historikoan gutxi da, jakina. Maila guztietako jazarpena eta debekuak askoz luzarokoagoak izan zirelako. Atzerakada eta diglosia etengabeko egiterainokoak, minorizazioa muturreraino eramaterainokoak.
Dena den, hori sekula ahaztu gabe, ez da alperrikakoa gure buruari galdetzea aspalditxo honetan ez ote gauden geldialdi antzeko batean. Elebitasun inperfektu baina itxurazkoagoa belaunaldi berrien esku etengabe uzte horrek eman duelako berea, erabilerari dagokionez batik bat. Edo-ta erakundeen, eragileen eta norbanakoen konpromiso zein aldarrikapen publikorik falta ez arren, eguneroko errealitatea epikatik oso urruneko prosakoitasun biluzi eta muturbeltzak osatutakoa delako. Globalizazioari atxikitakoek hori samurtu ez eta erronka berriak gehitu dizkiete orain artekoei.
Haatik, euskara inoizko sasoikoen dago. Mendeurrena betetzen ari den Akademia proaktibo, anitz eta prestigioduna du jagole; eta hiztun komunitate dinamiko eta munduari begirakoa, bultzatzaile. Izan ere, txikitik eragin behar izateak prestasunari egiten dio mesede, norbere lekua egunero irabaztekoari. Hala, idatzizkora halamoduz iritsitakoa, bere tamainatik gora dago hasieratik eremu digitalean. Hizkuntza berehala moldatzen eta egokitzen baita eskatzen zaion edozertara, esploratu gabeko eremuetan barrena abiatzera.
Arazoa ez dago hor, adierazpen sutsuenen gaindiko bizitzaren ohiko kontakizunean baizik, gaztelera ia hutsera jota egiten den horretan. Euskarak oso bigarren mailako izaten jarraitzen duelako gehienetan, umeei eta zaharrei begirako tresna, konpromiso hauskorren gatibu, lehia politikorako munizio. Bidean badira aitortutakoak izanagatik betetzen ez diren hizkuntz eskubideak, botere publikoei oraindik malda gora egiten zaizkienak. Pazientzia beharko da, seguruenik; prozesua ikuspegi zabalagoz neurtzea. Eta norberarenetik eragitea, alea jartze horretan buru-belarri jardutea.
Enpresa munduan ia dena dago egiteko, baita gutxieneko elebitasunera hurbiltzen hasteko ere. Euskara lan-esparrura eramatea entelekia da, askotan asmo ere ez. Kanpora begirakoetan elebakar agertzea ohikoena bada, itxuraz haragokoetan dezente gordinagoa da egunerokotasuna. Erantzukizun sozial korporatiboaren baitakoa behar luke euskararen bidez inguruan areago txertatzeko aukera baliatzeak, maila horretan ezer kendu ez eta balio erantsia ematen dielako enpresei, bokazio jakin bat adierazten duelako. Jatorriarekin lotutako giza-neurriko balore korporatiboak bultzagai baitira beti. Horien gaineko aniztasuna da aberatsena, oparoena, lehiakorrago izateko pizgarri.
Petronorrek oso barneratuta dauka hau guztia. Horregatik jartzen du euskara parez pare kanpora begirako komunikazioan, gerturatzen zaizkionenganako harremanean. Aintzat hartze hori ez delako apaingarri gisa baliatzeko, ohiko lan tresnatzat hartzeko baizik. Jakina da komunikatzeko moduak igorlearen izaera zehazten duela, honen lehentasunak eta xedeak aletuta. Baita norainoko sustraiak dituen ere, zenbateraino dagoen errotuta, zein den bere nortasuna, zeintzuk bere ardatzak. Findegiaren ekarpena ez da makala maila ekonomikoan —Bizkaiko Ogasunari zerga bidez ematen zaion guztiaren %10 inguru—, baina hortik apartekoa ere balio handikoa da hainbat arlotan, kulturarenean edo kirolarenean esaterako. Eta, nola ez, euskararenean. Horretan diharduelako Petronorrek: Iparragirrek agindu bezala, ematen eta zabaltzen.
![]() |
Kanpora begirako komunikazioan parez pare darabil euskara Petronorrek. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.