Hirien hazkundeak hamaikatxo erronka eragin ditu arlo guztietan. Iraunkortasunarekin lotutakoak dira garrantzitsuenetakoak, garapenaren bidean egungo belaunaldien beharrizanak hurrengoenak kolokan jarri gabe bermatzea ezin oinarrizkoagoa baita. Honek, jakina, mugikortasunaren arlorako ere balio du. Izatez, aurreko mendeko bigarren erdialdean sortutako kontzeptua da honakoa, autoa ardatz zuen hirietako garraio eredua orokortzearen ondoriozko arazo sozialekin eta ingurumen mailakoekin lotutako kezkei erantzutekoa.
Mugikortasun iraunkorra hainbat aldaketa eta ekintzak osatzen dute, eraginkorra izatekotan. Abiapuntuan, horien helburua garraiobideen erabilera arrazionala lortzea da. Horretarako nahitaezkoak dira errepide edo kaleetan dabiltzan ibilgailuen kopurua murriztera bideratutako zeharkako politikak. Hori lortzen hasiz gero, aldi berean, efektuak maila askotakoak dira. Kutsadura gutxitzea da aintzat hartzekoena; eta airearen kalitatea hobetzea. Zaratak ere –kutsadura akustikoak, azken finean– hori du leungarrietakoa. Eta, zer esanik ez, aurrezpen energetikoa ahalbidetzen da trafikoa arintzen den neurrian.
Energiaren Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuaren datuen arabera, Espainian garraio sektorea da energia finalaren kontsumitzaile nagusia, %40 inguru baitagokio. Gainera, karbono dioxidoaren emisore handiena ere bada, %30etik gora bere jardueraren ondoriozkoa delako. Ez da harritzekoa, beraz, mugikortasun iraunkorraren aldeko gero eta bat-egite sendoagoa, kutsadura atmosferikoarena osasun publikoko arazoa baita dagoeneko. Herritarren bizi-kalitatea da jokoan dagoena, eta arlo horretako gabeziek eragindako askotariko zamak galaraztea.
Datu mordoa dago eredu aldaketa baten aldeko apustuari eusteak lekarzkeen onurak nabarmentzeko. Garraio publikoak, bidaiariko, 50 aldiz leku gutxiago hartzen du, eta ibilgailu pribatuak baino %70 karbono dioxido gutxiago emititu. Autoa efizientzia gutxieneko garraiobidea da, eta kutsakorrena. Horregatik da hain beharrezkoa garraiobide publikoa bultzatzea eta autoa partekatzea.
Hau guztiaren inguruko hausnarketan eragitera dator SUM’19 biltzarra, Bilboko Udalak eta Petronorrek elkarlanean antolatuta otsailaren 20 eta 21ean Euskalduna Jauregian burutuko dena. ‘XXI. mendeko hiriak mugitzen’ du izenburutzat, eta hortxe bertan adierazten du nondik nora jo gura duen. Hiru ardatz nagusi izango ditu: estrategia eta politika publikoak; teknologia eta berrikuntza; eta garapen sozioekonomikorako aukerak. Lehen mailako hizlariak bertan direla, aukera aparta eskainiko du hainbat galdera potoloren aurreko erantzunak biribildu eta sendotzeko, mugikortasun iraunkorragoaren aldeko estrategiak eta politika publikoak zehazteko.
Energia berrien erabileran oinarritutako eredu efiziente eta iraunkorraren bila ari dira hiriak eta herrialdeak, eta SUM’19 biltzarrak ekarpena egin gura du bide horretan. Hala, hiri-mugikortasun iraunkorragorako abiatzen ari diren planak, programak eta proiektuak aztertuko dira bertan, eta mundu mailako arautze esparruak sortzeko aukerak. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek, IKTek, eman dezaketen laguntza ere landuko da, dagoeneko erakutsia baitute mugikortasun sistemek hirietan eragiten dituzten ondorio kaltegarriak murrizteko baliagarri direla. Guzti horrekin batera, mugikortasun iraunkorrak hainbat sektore ekonomiko bizkortzeko duen gaitasunaz jardungo da.
Oso goi mailakoa da biltzarra, eta altuera berekoak behar dute hausnarketek eta ondorioek. Mugikortasun iraunkorrarena egungo agendako gai nagusienetakoa delako, guztioi eragiten diguna. Konpromisoa da funtsezko osagaietakoa horrekin lotutakoetan aurrera egiteko, eta hori da biltzarraren antolatzaileek beste behin agertzen dutena. Batik bat, esperientziak eta egitasmoak elkar trukatzeko, iritzi publikoa kontzientziatzeko eta norbere esku dagoenean lanean jarraitzeko konpromisoa. Ez da apustu makala.
![]() |
Biltzarra Euskalduna Jauregian egingo da otsailaren 20 eta 21ean. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.