viernes, 14 de diciembre de 2018

Familia osoarentzako Gabonetako egitarau oparoa, Muskizen

Abenduan zehar, hainbat jarduera ludiko eta kulturalez gozatu ahalko dute adin guztietako muskiztarrek, bereziki Gabonetako egunetan.

Urtero bezala, Muskizko Donibane pilotalekuan Gabonetako Haur Parkea izango da, hiru egunetan. Txikientzako jolasak, musika, ludotekak, puzgarriak eta tailerretarako guneak izango dira, abenduaren 26tik abenduaren 28ra, biak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Gainera, Gabonetako Haur Parkearen barruan, ekitaldi berezi hauek antolatuko dira: Txoborro Magoaren ekitaldia, 26an; haur dantzaldia, 27an; eta diskofesta, 28an. Ekitaldi hauek guztiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dira.

Abenduaren 19an, asteazkenean, Cantarrana Eskolak Santo Tomas bezperako jaia egingo du, 17:00etatik aurrera. Abenduaren 21ean, eguerdiko 12:00etan, Muskizko Eguneko Zentroak “Jaiotza biziduna” egingo du eta bertan izango dira eskola umeak, Muskizko Txikiteroak eta Jarraitzen Dugu Txistu Taldea. Arratsaldean, berriz, 19:30ean, “Trueba, Enkarterriko Olerkaria” delakoaren txanda izango da. Muskizko Emakumeen Elkarteak Gabonetako Gala ere ospatuko du, abenduaren 22an (larunbata), Meatzari Aretoan, 18:30etik aurrera.

Muskizko Gazteguneak 12-17 urte bitarteko gazteentzako ekintzak bilduko ditu, adibidez, Errealitate Birtualarekin lotutako jarduera bat eta Robotika Tailerra. Abenduaren 22an eta 29an, haur puzgarrien festak izango dira Muskizko Udal Kiroldegiko Igerilekuetan (6-12 urte arteko umeentzako). Ildo beretik, abenduan eta urtarrilean aurrera jarraituko du herriko ohiko zinema egitarauak.

Horrez gainera, Barakaldoko Gabonetako Haur Parkera joateko txangoa antolatuko da, urtarrilaren 3an, goizeko 10:00etatik aurrera. Interesa daukaten horiek izena eman beharko dute, abenduaren 27a baino lehen. Txangoaren prezioa 5 eurokoa da. Ildo beretik, diskofesta izango da nerabeentzako, abenduaren 21ean, 18:00etatik aurrera, Meatzari plazan, baita beste hainbat ekitaldi ere.

Ohiturei jarraiki, Olentzerok Muskizko kaleak zeharkatuko ditu abenduaren 24an. Herriko kalejira arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta Meatzari plazan bukatuko da. Plazan umeekin hitz egin eta umeen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik.

Bestalde, urtarrilaren 5ean, Errege Kabalgata ospatuko da. Jaitsiera arratsaldeko 18:30etan, San Martineko BMtik aterako da eta ibilbidea bukatutakoan haurrekin izan eta haien gutunak jasoko dituzte erregeak.



Gabonetako Haur parkea. Argazkia: Muskizko Udala

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes