Erabiltzaileek 7,83 punturekin baloratu dute Bizkaiko errepide sarearen kalitatea. Bizkaiko Foru Aldundiak egin ohi duen pertzepzio-inkestak dioenez, gidariek bereziki nabarmendu dituzten arloak dira errepideetako garbitasuna, seinaleztapena, obrei buruzko informazioa eta segurtasuna. Bereziki harrera ona izan du gastu-muga indarrean jartzeak ordainpeko bideak erabiltzen dituztenen artean. Bi urte bete dituen neurri horrek 8,3ko balorazioa izan du. Gipuzkoarekin konbinatutako bonoak ere, aurtengo urtarrilean abiatutakoak, nota ona lortu du 7,48 punturekin. Gaur egunera arte, 19.117 lagun daude izena emanda sisteman gastu-mugaren onurak baliatzeko. Eskualdeka aztertuta, pertsona gehien apuntatu diren lekuak hauek dira: Durangaldea (5.214) eta Bilbo (4.702). Urtarriletik azarora bitartean, 6,7 milioi euro banatu dira diru-laguntzetan, eta batez besteko itzulketa 54 eurokoa da.
Aurtengo inkestako berritasun bat itsasadarraren azpiko tunelen proiektua izan da. Lan publiko hori, Supersurraren bigarren fasearekin konbinatuta, irtenbide integral gisa diseinatu da Bizkaiko metropoliaren auto-ilarak konpontzeko. 1etik 10era, Arrontegiri alternatiba bat eraikitzearen aldeko balorazioa 8,05 puntukoa da. Trafikoa arinduko duen galdetuta %83k baietz uste du. %6,2k soilik uste du ezetz. Eta azpiegitura horren barruan garraio publikoa sartzeari buruz %78,1ek positiboa litzatekeela dio. Balorazioa positiboa da, baita, datorren urtean abiatzekoa den Supersur eta AP-8 arteko lotuneari buruz. %63,5ek uste dute Miribillako irteerako auto-ilarak konponduko dituela, eta %66,6k uste du lotune horri esker denbora irabaziko dela
Abian jarritako azken azpiegiturei dagokienez, Ermuko saihesbideak 10etik 8,7 jaso du. Eta Durangaldean eta Busturialdean 7,54 punturekin baloratzen da Autzaganeko tunelen beharra. %69k uste dute hobetu egin dela segurtasuna 2018ko apirilean azkenok martxan jarri zirenetik hona. Azpiegitura horren erosotasunari eta azkartasunari buruz, %65,8k uste du hobetu egin dela. Zenbateko hori %77,6ra igotzen da Busturialdeko erabiltzaileen artean.
Sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea planak —Bizkai osoan 43 jarduketa eta 111 milioi euroko inbertsioa hartzen dituenak—, 10etik 7,82 puntu jaso ditu. Eta zehatz galdetuz gero lan jakin batzuez, iritzia hobea da eskualdeetan: Arratian 8,25 ematen zaio Usansolorako sarbideak berrantolatzekoari; Lea-Artibain 8,52 puntu BI-2626 errepidearen Etxebarriko hobekuntzari; Enkarterrik 8,55 ematen dio Zallatik Sopuertara doan errepideko gurutzegunearen segurtasun-hobekuntzari; Arrontegiko Txorierriranzko irteerako lotunea hobetzeko Kukularrako obrari 8,36 ematen zaio Bilbon, Ezkerraldean, Uribe-Kostan eta Mungialdean; eta Durangaldean 7,98 puntu eman dizkiote BI-3302 errepidearen Mallabiako hobekuntzari eta 7,94 puntu N-634 errepidearen Iurretako berrantolaketari.
![]() |
Erabiletzaileak gustora daude Bizkaiko errepideetan azkenaldion egin diren hobekuntza-lanekin. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.