martes, 13 de noviembre de 2018

Hamarretik seik bikaintzat jotzen dute Osakidetzaren osasun-zentroetan jasotako arreta

Osakidetzako euren osasun-zentrora kontsulta egitera joan ondoren erantzun duten pazienteen %96,8k jasotako osasun-asistentziaren balorazio ona egin dute. Galdera sorta bete duten hamar pertsonatik seik bikaintzat jo dute izandako esperientzia, duela bost urteko datuetan baino hamar puntu gehiago. Hemeretzigarren urtez jarraian Osakidetzak familia-medikuntzako eta lehen mailako arretako erizaintzako zerbitzuak erabiltzen dituzten euskal herritarren balorazioa ezagutzeko eginiko galdera sortaren datuetako batzuk dira hauek. Aurtengo maiatz eta ekaina artean egindako elkarrizketen bidez osatu da.
Osakidetzak kanpoko enpresa bati eskatzen dio egiteko, euskal gizarteak gehien eskatzen duen osasun-zerbitzuetako batera doanean—osasun-zentroetara alegia— duen gogobetetze-maila ezagutzeko. Besteak beste, galdera sortak honako hau argitu du: pazienteen %97, hautatzeko aukera izango balu, arreta jaso duen zentro berera itzuliko litzateke.
Tratuaren inguruan galdetzean, herritarren oniritzia oso altua da. Horrela, %96,4k medikuak emandako tratua ontzat jotzen du, eta %68,1ek bikaina dela dio. Gainera, %97,1ek oso egokitzat, nahiko egokitzat edo egokitzat jotzen du kontsultaren iraupena. Gogobetetze-maila oso handia da erizaintzako langileez galdetzean: %98,1ek uste dute jasotako tratua positiboa dela, eta %70,3k bikaina dela, 2013an baino hamar puntu gehiago. Medikuaren, erizainaren eta administrazioko langileen arteko koordinazioa ere ontzat jotzen da
Galdera sorta bete duten gehienak, %97,9, pozik daude hitzordua eskatzean jasotako tratuarekin, bai eta pazienteari arreta emateko zerbitzuekin ere. Pazienteen %84,2k ohiko medikuaren arreta jaso zuen. Itxarongelako, kontsultako eta komunetako baldintzek ere oso balorazio altuak izan dituzte Osakidetzan arreta jaso ondoren erantzun zuten pertsonengandik. Horrela, garbiketaren (%98,6), giroaren (%96,1), erosotasunaren (%93,2) edo espazioetako tenperaturaren (%90,2) balorazio positiboa egin zuten.
Osakidetzaren galdera sorta berri honek familia-medikuarenean kontsulta eragin duen arazoari buruzko informazioa ere bildu du, bai eta jarraitu beharreko tratamenduaren gainean emandako azalpenena, eta pazienteen erantzunek erakutsi dute adostasun-maila altua dela (%94,1 eta %93,4, hurrenez hurren).
Galdera sortak erakusten du hobetzeko zenbait puntu daudela: %10 ez dago pozik osasun-zentroan egiten den euskararen erabilerarekin, baina egia da, halaber, iritzi hori duen jende kopuruak behera egin duela 2013tik. Gainera, pazienteen ia erdia ezarritako orduan sartu da kontsultan; eta %87,1 itxaron behar izan duten denborarekin ados egon dira.

%10 kexu dira osasun-zentroetako euskararen erabilerarekin.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes