Gaur abiatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak errepideen 2018/2019 neguko plana. Urtero langile eta baliabide gehiago erabiltzen dira eguraldi txarraren eraginez errepideetan gertatzen diren gorabeherei eraginkortasunez aurre egiteko. Aurtengo udazken-neguan 393 profesional ariko dira lanean elurra kentzeko 81 makinarekin, eta 9.725 tona gatz dauzkate prest.
Aurtengo planean hainbat hobekuntza egin dira komunikazioetan eta operatiban. Hala, neguko kanpainan elurra kentzeko ibilgailu berria erabiliko da, besteak baino txikiagoa, leku gaitzetan eta auto-ilarak gertatzen diren errepideetan bereziki aproposa. Horrelako hiru makina berri erosi dira. Gainera, ibilgailuetan bideozaintzako kamera-sistema berria ezarriko da, kamerarik ez dagoen errepide-tarteetako informazioa berehala zabaldu ahal izateko. Horri esker kontrol eta koordinazio zentroetako teknikariek momentuan bertan jakin ahal izango dute nola dauden errepide sareko ia tarte guztiak.
Errepideen neguko planak bi ardatz dauzka: batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko sailen arteko koordinazioa —Suhiltzaileak, Interbiak, Malmasingo kontrol zentroa, Basalan eta Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Saila—; eta bestetik, Aldundiaren eta Bizkaiko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren artekoa —Trafikoa, Larrialdiak, Euskalmet…—.
Planean lau maila ezartzen dira izotzak eta elurrak errepideko zoladuran nolako eragina duten adierazteko: C1 mailak esan nahi du eguraldiak ez duela inolako eraginik trafikoan; aldiz, C4 mailak adierazten du gorengo alerta ezarri dela eta ibilgailuak ezin direla ibili errepideetatik. Ohi bezala, aurten ere lehentasun-tarteak ezarri dira baliabideak banatzeko Bizkaiko errepideetan: A-8, AP-8 VSM, AP-8ko Erletxe-Ermua tartea, N-637, N-240, Loiuko aireportuko sarbideak, superportuko sarbideak, ospitaleetako sarbideak eta BI-631 errepideko Bilbo-Derio tartea (Santo Domingo).
Iazko neguan, 6 alerta laranja egon ziren elurragatik —aurreko neguan bakar bat ere ez— eta 35 alerta hori —aurrekoan 15—. Alerta gehiago egon ziren eta eguraldia txarragoa izan zen, oro har —gogoan eduki, adibidez, otsailaren 28ko elurte handia—, eta horren guztiaren ondorioz elurra kentzeko makinak aurreko kanpainan baino ordu gehiago ibili behar izan ziren errepideetan eta gatz gehiago behar izan zen. Elurra kentzeko makinen lanorduak aurreko kanpainakoak halako hiru izan ziren: 4.199 ordutik 12.917 ordura. Gainera, 5.777 tona gatz erabili ziren kanpainan zehar —aurrekoan 3.875—.
![]() |
Gero eta baliabide gehiago jartzen ditu Aldundiak neguko errepide planean. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.