martes, 6 de noviembre de 2018

Astelehenean hasiko dira garbigune mugikorrak Bizkaiko 83 herritara eramaten

Bizkaiko Foru Aldundiak udalerrietan birziklatzea sustatzeko diseinatutako garbigune mugikorrak datorren astelehenean jarriko dituzte abian. Iurretan hasiko dira gordailu horiek jartzen; eta ondoren, garbiguneetako zerbitzua berritu eta eguneratzekoa den ekimen honi atxikitako beste 82 herrietara mugituko dira.
Zerbitzu berria udalerri horien hirigunean eskainiko da. Han, baserri baten itxura duen 2x1,20x3,80 metroko edukiontzia jarriko dute, eta ondoan, zuzen erabiltzeko informazioa ematen duen panel bat. Herritarrei garbigune mugikorrak jarri baino astebete lehenago jakinaraziko zaie, hondakinak biltzeko denbora izan dezaten. Astelehenetik ostiralera egongo da edukiontzia udalerri bakoitzean, gehienez astebetez, epe hori igarotakoan biltzeko, husteko eta beste leku batean kokatzeko.
Garbiguneak metalikoak eta ekintza bandalikoen aurkakoak dira eta honako hauek biltzeko prestatuta daude: pilak, CDak, DVDak eta kaseteak, etxeko olioa, etxetresna elektriko txikiak —plantxak, irabiagailuak, mikrouhin labeak—, aerosolak, kableak, mugikorrak, sukaldeko tresneria —zartaginak, lapikoak…—, metalezko eta plastikozko ontzi kutsatuak —pintura eta disolbatzaileak—,  informatikako tresnak —tinta-kartutxoak eta tonerrak—, kafe-kapsulak —metalezkoak eta plastikozkoak— eta erradiografiak.
Garbigune mugikorrak udalerrietan kokatzeko egutegia ezartzeko, zerbitzu hori abian jarriko zuela jakinarazi zien Aldundiak irailean lurraldeko udalei. Ondoren, horiek erabaki dute ekimen honetan parte hartu ala ez. Baiezkoan, irisgarriak diren eremu publikoak utzi eta dagozkien baimenak eman dituzte. Orain arte, 83 herri hauek babestu dute ekimena: Abadiño, Abanto-Zierbena, Ajangiz, Alonsotegi, Amorebieta-Etxano, Amoroto, Areatza, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Aulesti, Balmaseda, Bakio, Barakaldo, Barrika, Basauri, Bedia, Berango, Bermeo, Berriatua, Berriz, Busturia, Derio, Dima, Durango, Ea, Elorrio, Erandio, Errigoiti, Etxebarri, Etxebarria, Forua, Galdakao, Galdames, Gamiz-Fika, Gautegiz Arteaga, Getxo, Gordexola, Gorliz, Gizaburuaga, Gueñes, Igorre, Ispaster, Iurreta, Izurtza, Kortezubi, Larrabetzu, Laukiz, Lemoa, Lemoiz, Loiu, Mañaria, Maruri-Jatabe, Mendexa, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar, Murueta, Muskiz, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Sukarrieta, Trapagaran, Turtzioz, Ubide, Ugao, Urduliz, Urduña, Zaldibar, Zalla, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena.

Ekimen honen helburu nagusia birziklatzea sustatzea da.
 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes