viernes, 23 de noviembre de 2018

Abiatu da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala

Gaur hasi da ‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ izeneko ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan zehar ahobizi edo belarriprest rola beteko dute. Lehenek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan; eta ezezagunei, lehen hitza euskaraz egin —eta ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute—. Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete.
Irailaren 20an zabaldu zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren —Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten—, gaurtik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dira ezagutzera. Izena emateko bi baldintza bete behar ziren: 16 urte baino gehiago izatea, eta euskara ulertzeko gai. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker. Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, horietatik %74ek ahobizi modura jarduteko; eta %26k, belarriprest modura. Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoak dira. Bereziki nabarmentzekoa da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Hala, 16-25 urte bitartekoak guztien %18 dira eta 26-35 artekoak, aldiz, beste horrenbeste.
Euskaraldiaren aurkezpena 2017ko azaroaren 23an egin zen, Bilboko Arriaga antzokian. Ordurako, sei hilabeteko lana egina zegoen Euskaraldia diseinatzen, aurkezpenak egiten eta sustatzaile sarea osatzen. Urte eta erdiko lana izan da, beraz, hona artekoa. Koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira. Baina, gainera, era guztietako 180 eragilek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelakoak. Sarea askoz zabalagoa izan da, dena den: herriz-herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak —gizarte eragile, elkarte eta enpresak— aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan. Erronka, orain, 11 egunotako giroa urte osora eramatea da.

Euskararen Nazioarteko Egunera arte, abenduaren 3ra arte luzatuko da Euskaraldia.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes