jueves, 29 de noviembre de 2018

220.000 lagunek eman dute izena azkenean Euskaraldian

Astearte gauerdian itxi zen Euskaraldian izena emateko epea, horretarako bi baldintza bakar bakarrik jarrita: 16 urte baino gehiagokoa eta euskara ulertzeko gai izatea. Izen-emate epea itxita, 220.000 lagun izan dira www.euskaraldia.eus webgunearen bidez edo herrietako batzordeek jarritako informazio guneetan izena eman dutenak. Izena eman dutenen %73 ahobizi modura jarduteko batu dira ekimenera eta %27a ari da belarriprest modura parte hartzen.
Partaideen %36ak 16 eta 35 urte artean du eta %62a emakumezkoa da. Euskal Herriko 405 herritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horietan guztietan eman ahal izan da izena. Gainera, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean. Herriz-herri eta entitatez-entitate osatu den milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.
Antolatzaileek azken urtean behin eta berriz azpimarratu duten modura, herritarrak izaten ari dira Euskaraldiaren protagonistak, aukeratutako ahobizi edo belarriprest rolari jarraituz, egunerokoan dituzten harremanetan hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ahalegina egiten ari direnak.
Ariketaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu dituzte Euskaraldiaren sustatzaileek partaideen artean. Duela zazpi egun hasitako ariketari eutsi eta identifikazio ikurrak abenduaren 3rarte soinean eramateko deia egin dute batetik, horrek ariketa egiteko babesa eskainiko baitie ahobizi eta belarriprest guztiei. Bestetik, Euskaraldia esperimentaziorako ekimena ere badela gogora ekarri dute, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari dela azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko duten bigarren galdetegia bete dezatela eskatuz. Azkenik, egunero-egunero sareetan zabaltzen ari diren gomendio eta aholkuen bidez beraien buruak prestatzen jarraitzea proposatu diete izena eman duten herritar guztiei, Euskaraldia ahalduntze ariketa bat dela gogora ekarriz.
Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz-herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia bukatzeko ekitaldiak partaide guztien bilgune izatea espero dute antolatzaileek eta dei egin diete herritar guztiei, Euskaraldian izena eman dutenei eta ez dutenei ere, ekitaldi horietan parte har dezaten.

Abenduaren 3ra arte txapa paparrean eramateko eskatu dute antolatzaileek.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes