Euskadiko esne-bankuan 102 amak parte hartu dute orain arte eta, guztira, 370 litro inguru ama-esne eman dute. Hala, horrekin 1.700 biberoi baino gehiago prestatu dira, neonatologia unitateetako premiei uneoro aurre egiteko aukera emanez. Zerbitzu honek iazko urriaren 4ean ekin zion, haur goiztiarrei —kilo eta erdi baino gutxiago pisatzen dutenei— edo 32 aste baino lehen jaiotakoei ahalik eta elikadurarik onena eskaintzeko, kontuan izanda edoskitze naturala ezin dutela jaso. Harrezkero gora egin du ezeren truke emaile egin diren emakumeen kopuruak.
Lurraldeka, Bizkaiak du emaile kopururik handiena —58, zehatz-mehatz—, eta Gipuzkoa eta Araba parez pare doaz atzetik —22 emaile lurralde bakoitzeko—. Basurtu, Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxuko ospitaleetan jasotzen da esnea, baita CVTTHren —Giza Ehunen eta Transfusioen Euskal Zentroa— sareko beste lau harrera-gune berritan ere. Ondoren bidaltzen da Galdakaoko ospitalearen ondoan kokatutako bankura, esnea tratatua izateko.
Prozesuan kontrol zorrotzak ezartzen dira elikadura-baldintza optimoetan dagoela bermatzeko, maila mikrobiologikoari dagokionez ez ezik, dakartzan funtsezko mantenugai kantitateari dagokionez ere. Azken hamabi hilabete hauetan jasotako 370 litroetatik 51 bakarrik baztertu dira. Gainera, parte hartzen duten emakume guztiei, esnea eman aurretik, azterketa bat eta analitika egiten zaizkie, transmititu daitezkeen gaixotasunak edo bestelako osasun-egoerak edota substantzia toxikoen kontsumoa zein osasungarriak ez diren praktikak baztertzeko. Bermea areagotzeko, jadanik analizatutako esnea 62 gradutan pasteurizatzen da, berriro analizatzen da eta, egokia bada, izoztu egiten da zero azpiko 80 gradutan; gero, biltegiratu eta, premien arabera, euskal sare publikoko neonatologia unitateei ondoren banatzeko.
Edozein emakume osasuntsu izan daiteke emaile —zailtasunik gabe edoskitzen ari dena eta aurreko hiru astetik sei hilabetera artean haur bat izan duena—. Interesatuek Euskadiko Ama Esne Bankuarekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar, bancolecheeuskadi@osakidetza.eus posta elektronikoaren bidez edo euren pediatrarekin, erizaintzako profesionalarekin edo emaginarekin kontsultatuta. Hitzordua eskatu ondoren, haren ohiturak eta aurrekariak aztertzeko eta transmititu daitezkeen gaixotasunak baztertzeko prozesua hasten da. Ama bakoitzak, bere haurrari bularra eman ondoren, soberan duen esnea erauzten du, izozkailuan gorde eta ondorengo 15 egunetan emateko.
![]() |
Edozein emakume izan daiteke esne-bankuaren emaile. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.