Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza-akordioa sinatu berri dute, ehun urtetik gora dituen Bilboko pinakotekak har ditzan Filmategiak hemendik aurrera antolaturiko zine-zikloak. Lankidetza aste honetan bertan abiatu da, Helena Taberna zinegile eta gidoilariari buruzko atzera begirako ziklo batekin. Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira Euskadiko Filmategiaren patroi nagusiak.
1978an sortu zen Filmategia, xede honekin: zinemaren ikuspegitik interesgarriak diren filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, gordetzea eta erakustea, betiere, euskal zinemari arreta berezia eskainiz. Era berean, Filmategian biltzen eta gordetzen dira historiaren eta kulturaren aldetik gorde beharrekoak diren agiriak eta material teknikoa. 40 urteko ibilbide horretan, museoa eta Filmategia hainbatetan aritu dira lankidetzan, euskal zinemaren ondarea hauspotzeko eta zabaltzeko asmoz. 2015az geroztik, Tabakaleran dago Filmategia, Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan.
Akordio berri hau mugarri da bi erakundeen arteko lankidetzan; izan ere, horri esker, Museoan erakutsiko dira Euskadiko Filmategiak antolaturiko zikloak eta emanaldiak. Hala, Filmategiaren kolaboratzaile iraunkor eta erreferentziazkoa da orain Museoa, Tabakalerarekin batera. Hala, Museoak larunbatero eskainiko ditu saioak, kultura zinematografikoa zabaltzeko helburuz, eta, horretarako, bi eratako lanak emango ditu: euskal ondareari dagozkionak eta zinearen historiako lan klasikoak. Egitasmoa urriaren 13an jarri da martxan, larunbatez, Museoko auditoriumean. 208 lagunentzako tokia du auditoriumak, eta orain dela gutxi zaharberritu da, punta-puntako baliabide teknologikoak erabili ahal izateko.
Euskadiko Filmategiak, urritik abendura bitartean, atzera begirako ziklo bat eskainiko dio Helena Taberna zinegile nafarrari, eta bi lekutan erakutsiko dira haren filmak: Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako Tabakaleran. Gainera, Carlos Roldánek liburu bat idatzi du zinegileari buruz: ‘La luz de un sueño. El cine de Helena Taberna’, eta tarte horretan argitaratuko du Euskadiko Filmategiak, Nafarroako Filmategiaren laguntzarekin. Tabernaren lanean beti uztartzen dira fintasuna eta indarra. Egileak, gainera, aldi oro eutsi die tinko bere printzipioei, besteak beste, konpromiso feministari, kontzientzia euskaltzaleari eta bere egile-identitatetik abiatuta publikoarekin topo egiteko gogoari.
![]() |
Euskadiko Filmategia 1978an sortu zen. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.