lunes, 22 de octubre de 2018

Ahal dugunaren gainetik



Bada, guztion artean, duguna baino gehiago gastatzeko joera. Premia gorritan bizi denik ez da falta, jakina, baina nago, Euskal Herrian behintzat, dezente asko garela gutxiago gastatuko bagenu ere itxura batean bizi gindezkeenak.

Bakar-bakarrik bizi denak badaki ez duela duena baino gehiago gastatzerik. Familian bizi direnek, berriz, nolabaiteko balantzak egin ditzakete, senitarteko barne-orekak gorde eta zulo handiegirik ez egiteko. Familiak ez bezala, ostera, herriak eta nazioak gauza dira eurenak eta inorenak jateko, kristoren zuloa lagatzeko, eta hurrengo belaunaldiak urtetan zorpetzeko.

Izan ere, zenbat eta gizarte handiagoa izan, jendea ezezagunagoa eta arrotzagoa izan, hainbat eta murritzagoak suertatzen dira konpromisoa eta atxikimendua. Eta honetan datza, hain zuzen, mundu zabalaren malura, urteroko gehiegizko eguna (Earth Overshoot Day)

Sortzez aberatsa den gure planeta hau, orain 50 urte heldu zen urtean zehar eragin lezakeen besteko baliabide naturalak ozta-ozta gastatzera. Geroztik, urtez urte, sortarazi dezakeguna baino gehiago erre izan dugu, gero eta lehenago.

Aurten, Lurreko zazpi mila milioi hiritarron artean, San Inazio egunerako gastatu genituen gure aurtengo erreserba natural guztiak. Harrezkero, zenbaki gorritan bizi gara, zorrak handitu besterik ez dugu egin abuztutik hona.

Martxa honetan, laster asko, San Juanetarako gastatuko ditugu urte guztian zehar gastatu beharrekoak. Zenbait urte gutxi barru Aste Santurako; gero Santa Agedetarako eta, egunen batean, konturatu orduko, Errege Egunerako.

Ez pentsa, gero, inor beldurtzeko metafora merketan dihardudanik, edo horrelakorik gertatzea ezinezkoa litzatekeenik. Denok Singapurren pare kontsumituko bagenu, hamazpi planeta adina behar izango genuke.

Beste modu batez esanda, denok Qatar, Luxenburgo, Emiratu Arabiarrak, Estatu Batuak edo Kanadako biztanleek beste kontsumituko bagenu, geratuko litzaizkigukeen erreserba naturalekin ez ginateke San Blas eguneko opila jatera helduko.

Eta, hain urrun joan barik ere, mundu osoak euskal herritarron pare kontsumituko balu, maiatzaren amaierarako bukatuko lirateke erreserbak.

Eta ekainetik aurrera zer?

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes