viernes, 26 de octubre de 2018

60.000 pertsonak eman dute izena jada Euskaraldirako

Euskaraldirako hilabete falta da eta dagoeneko 60.000 lagunek eman dute izena ahobizi edo belarriprest modura aritzeko 11 egunetan zehar egingo den ariketa sozialean. Izena eman dutenen %45 gipuzkoarrak dira, %31 bizkaitarrak, %12 nafarrak, %9 arabarrak, %2 Lapurdikoak eta %1 Behe-Nafarroa eta Zuberokoak. Irailaren 20an zabaldu zen izen-ematea eta ordutik bi bide aukeratu ahal dira hori burutzeko: eskuz, izen-emate orrien bitartez, eta www.euskaraldia.eus webgunea baliatuta. Euskaraldiaren xedea ariketa kualitatiboa egitea da, ez kuantitatiboa. Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza-ohiturak aldatzeko.
Azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean egingo den ariketa sozialean parte hartzeko prestaketa garaia da, eta dagoeneko, 400 pertsona baino gehiagok egin dute prestatzaile izateko formakuntza. Ahobizi eta belarriprest izateko tailerrak eskaini dira Euskal Herri osoan, baita saio sakonagoak ere. Halaber, azaroan banatuko dira partaideentzako aholkuak txaparekin batera, mezu elektroniko bidez zein sare sozialetan.
Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan duen eragina neurtzeko soziolinguistika klusterrak ikerketa abiatuko du. Ikerketa egin ahal izateko, ekimenean izena eman duten kideen datu batzuk jasoko dira. Eta datuak fidagarri eta egokiak izan daitezen ahal beste pertsonak bete beharko dituzte galdetegiak. Hiru galdetegi izango dira: lehena, Euskaraldia hasi baino egun batzuk lehenago bidaliko da; bigarrena, ekimena bukatu eta egun gutxitara; eta hirugarrena, 2019ko martxoan jasoko dute herritarrek.
Ekimenaren bultzatzaileek ezagutzera eman dutenez, lehen hilabete honetan izena eman dutenen artean nagusi dira ahobizi modura aritzeko gogoa agertu dutenak. Hurrengo hilabetean zehar, orain arte izena eman duten horiek euren inguruan eragin eta partaide gehiago bilatzera bultzatu nahi dituzte koordinazioan ari diren erakundeetako ordezkariek. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko garrantzitsua da aurrez ariketaren berri eman, denen buruak eta ingurua prestatzea eta, beraz, senide, lagun, lankide eta ezagunek ere ariketan parte hartu dezaten animatzea.

Euskara eguneroko bizitzara eramaten saiatzeko ariketa erraldoia da Euskaraldia.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes