sábado, 8 de septiembre de 2018

'Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai' proiektuak euskara eta mendizaletasuna lotuko ditu Himalaian

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak azken herri honetan hilaren 16an egitekoa den ‘Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai’ izenekoa sustatzeko kontzertua aurkeztu dute. Felipe Uriarte mendi gidaria buru dela, Euskal Herri osoko 15 gaztek eta 10 sherpak Himalaian urrian egingo duten hilabeteko trekkinga da proiektuak helburu duena, euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartuta, herrien arteko elkarteasuna bultzatuta eta hizkuntza gutxituei babesa emanda. Hala, urriaren 10ean abiatuta, euskararen zazpi lurraldeetako ordezkari gisako gazte eta sherpa horiek harremanetan jarriko dira Nepalen, Everest mendi inguruan trekkinga egiteko.
Horrez gain, bi hizkuntzen arteko zubiak eraikitzeko asmoz, euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortuko dute espedizioan, eta ETBk bi saio emango ditu, Himalaiatik ekarritako bideo irudiak baliatuta. Espedizio taldea azpitaldeetan antolatuko da finantzaketa, material pertsonala, argazkigintza eta bideo lanketa, komunikazioa eta beste hainbat alorretako lanak banatuz.
Egitasmoa Laudion sortu zuen Felipe Uriartek, mendia eta euskara uztartzeko xedez, baina pixkanaka hazten joan zen, eta azkenean Nepalera heltzea lortu du, Euskal Herri osoko mendigoizale, ikastetxe, udal, euskaldeetako zenbait eragile eta enpresen partaidetzari esker. Modu berean, euskararen lurraldeetako erakundeen babesa izan du proiektuak, hiru Aldundiena, Eusko Jaurlaritzarena, Nafarroako Gobernuarena, Iparraldeko Elkargoarena eta Akitania, Euskadi eta Nafarroaren arteko euroeskualdearena.
Irailaren 16ko kontzertua Oñatiko San Miguel parrokian izango da, 19:00etan hasita. ‘El Incarnatus’ orkestrak emango du, Oñatiko Ganbara Abesbatzaren eta hainbat abeslari ezagunen partehartzearekin. Bertan izango dira Mikel Urdangarin, Niko Etxart, Naia Robles edo Petti eta Maider, Pello Zabala aurkezle dela. Kontzertuak hainbat helburu izango ditu: Himalaiara joango diren espediziokideei agur esateko balioko du lehenik; eta gainera, emanaldia eskerrak emateko baliatu nahi dute, egitasmoa gauzatzen lagundu duten hainbat erakunde, enpresa eta pertsonari aitortza egiteko. Azkenik, kultur ekimen bat eskaini nahi zaio herriari, aldi berean espediziorako azken aurrekontua osatzeko.
Kontzertuaren bidez zenbait balore plazaratu nahi dituzte, euskararen erabilera sustatzea, beste hizkuntza gutxituena ere -—xerpa hizkuntza tartean—, eta mendizaletasuna, musika, elkarlana, elkarbizitza eta elkarrekintzaren alde egitea.

Urriaren 10ean Euskal Herriko 15 gazte eta 10 sherpa Nepalen bilduko dira, trekkinga egiteko.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes