viernes, 14 de septiembre de 2018

Euskarazko B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdi irekian izena emateko epea abiatu du HABEk

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) barikuon zabaldu du euskarazko B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdi irekian izena emateko epea. Proba hauetan parte hartzeko interesa dutenek irailaren 14tik 25era bitartean eman ahal izango dute izena www.habe.eus atarian. Iaz 3.076 lagun aurkeztu ziren, eta %38,32k gainditu zituzten. Deialdi honen bidez gaitasun-mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi zaie hala nahi duten herritar guztiei. HABEk egiaztatzen dituen maila hauek Europako Erreferentzia Markoak adierazitakoaren bidetik doaz.
Iazko udazkenera arte ezinbestekoa zen euskaltegietako ikastaroren batean izena emanda egotea C1 —lehengo HABE 3, Hezkuntza Sailak kudeatzen duen EGAren eta Administrazioko hirugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea— eta C2 —lehengo HABE 4 eta administrazioko laugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea— mailak HABEren ziurtagirien bitartez egiaztatzeko. Azken urteotan, aldiz, deialdi irekia zabaltzen joan da, egiazta daitekeen mailarik altuenera arte.
Deialdi honetan matrikulatu ahal izateko beharrezkoa da gutxienez 17 urte izatea edo 2018an betetzea; eskatzailea, gehienez, deialdi honetan bi gaitasun-mailetarako matrikulatzea; eta matrikula egoki osatu eta jarritako epea ordaintzea. Horrez gain, gaitasun-proba hauetan parte hartzeko azterketariak zenbait baldintza bete behar ditu: matrikula behar bezala bideratzea, azterketa-eskubideak ordaintzea, azterketa egunean ordurako bertan izatea eta, azkenik, azterketako arduradunaren aurrean identifikatzea, nortasun-agiri edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuta.
Izen-ematea Internet bidez bideratuko da, HABEren atarian ‘sarbidea’n klik eginez. Noizbait euskaltegiren batean ibilia izanez gero, izena eman nahi duenak ‘erabiltzailea’ eta ‘pasahitza’ izango ditu. Inoiz euskaltegiren batean ibili ez direnek, HABEn erregistratzeko aukera izango dute eta jarraian izena emateko inprimakia bete beharko dute.
Matrikula 60 eurokoa izango da maila bakoitzeko. Batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak matrikula adina ordainketa egin beharko ditu; baina egun, ordu eta leku berean bateratu ahalko ditu HABEk hainbat mailatako azterketak, matrikulazio-kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Matrikula-epea itxi eta hamar egun baliodunen epean emango du argitara HABEk bere atarian deialdi hau burutzeko maila bakoitzerako aurreikusitako egutegia: onartuen zerrenda argitaratzeko data, probak egiteko egunak eta lekuak, eta proben emaitzak jakinarazteko datak.

Matrikula-epea irailaren 14tik 25era luzatuko da, biak barne.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes