Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16 eta 22 bitartean ospatzen da, ‘Konbinatu eta mugitu zaitez!’ leloarekin, eta horrekin garraiobide jasangarriak —garraio publikoa, bizikleta edota oinez ibiltzea, besteak beste— erabiltzearen onurez kontzientziatu nahi da. Hala, Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman du Euskadiko zenbat gazte mugitzen diren horrela egunero. Datuak 2016koak dira, ordukoa baita azken datu eskuragarria, eta 15 eta 29 urte bitarteko gazteak hartzen ditu aintzat.
Honakoak hartu dira kontuan: egunero edo ia egunero garraiobide jasangarriren bat (oinez, bizikleta edo garraiobide publiko kolektiboa) erabiltzen dutenak, baldin eta kotxez edo motorrean gehienez astean behin edo bitan mugitzen badira. Horren arabera kalkulatu ahal izan da zenbat gazte mugitzen diren egunero bakarrik garraiobide jasangarriak erabilita. Aurreko irizpideetan oinarrituta, Euskadiko gazteen %65,3k modu jasangarrian egiten dituzte euren eguneroko joan-etorriak.
%81,9k zioten oinez —edo patinetez— mugitzen zirela. Gainera, %39,8k adierazi zuten egunero edo ia egunero erabiltzen zutela garraiobide publiko kolektiboren bat —autobusa, trena, metroa, tranbia….— eta %8,1ek esan zuten egunero joan-etorri horiek bizikletaz egiten zituztela. Beraz, garraiobide-mota horiek ez dira bateraezinak, eta gazteek konbinatu egiten dituzte egunero. Guztira, Euskadiko gazteen %88,9k egunero garraiobide jasangarriren bat erabiltzen zutela zioten.
Modu jasangarrian mugitzea ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino —%68 eta %59,2, hurrenez hurren—. Horren azalpena garraio publiko kolektiboaren erabileran dago, emakumeek gizonek baino askoz gehiago erabiltzen dutelako. Gizonek emakumeek halako bi erabiltzen dute bizikleta baina horrek ez du horrenbesteko pisua kalkulu orokorrean. Gainera, kotxea edo motorra erabiltzea ohikoagoa da gizonen artean eta horren eraginez gizonek emakumeek baino zifra txikiagoak dituzte mugikortasun jasangarriari buruzko adierazle honetan.
Eguneroko joan-etorriak modu jasangarrian egiten dituztenek pisu handiagoa dute gazteenen adin-taldean (15 eta 19 urte bitartekoenean) besteetan baino, eta adinak gora egin ahala portzentajeak behera egiten du: 15 eta 19 urte bitartekoen artean %75,3koa da, 20 eta 24 urte bitartekoen artean %64,5ekoa eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean %53koa.
25 urtetik beherako gazte gehienak ikasleak dira eta horiek oinez (edo bizikletaz) joaten dira euren ikasketa-zentrora azken hau etxetik hurbil badago; eta, urrun egonez gero, normalean garraio kolektiboa izaten dute bertaraino. Halaber, adin horretan gehienetan ez dago baliabide ekonomikorik ibilgailu propioa izateko. 25 eta 29 urte bitartekoen kasuan, aldiz, gehienak lanean daude eta, ondorioz, badute ahalmen ekonomikoren bat ibilgailua erosteko. Gainera, batzuetan behartuta daude ibilgailu propioa erabiltzera lantokiaren kokapenaren arabera.
![]() |
Mugikortasunaren Asteak garraio jasangarriaren erabileraren alde kontzientziatu nahi du. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.