lunes, 17 de septiembre de 2018

Dieselaren alde


Jendeari kalean galdetuko balitzaio, gehienek erantzungo lukete diesel-autoek gasolinadunek baino gehiago kutsatzen dutela. Horregatik, hain zuzen ere, nolabaiteko ardura ekologikoak eraginda-edo, gasoileko autoen salmentak maldan behera doaz, gasolinakoen mesedetan.

Zer esanik ez, Gobernu espainiarraren Trantsizio Ekologikorako ministroak diesela kutsakortzat jo, gasoilarenak egin duela esan eta zergak gehituko dizkiola mehatxatu ostean.

Ez da, ordea, egia. Gobernuak gasoilaren zergak garestitzen baldin baditu, izango da, gehiago errekaudatu nahi duelako, ez behintzat diesela gasolina baino kutsakorragoa delako. 

Gaur egungo diesel berriek --Europar Batasunak eskatzen dituen Euro6 mailakoek-- gasolinako motorrek besteko N0x eta partikulak isuritzen dituzte, eta C02 gutxiago.

Oraingo dieselek duela hamar urtekoek baino ehuneko 80, NOx gutxiago isuritzen dute, ehuneko 20, partikula gutxiago eta ehuneko 30, C02 urriago.

Arazoa ez da oraingo diesela, diesel zaharrak baino. Kontua da Espainiako auto-parkea oso zaharkitua dagoela, Europako zaharrena dela. Eta diesel zaharrek ez dutela inondik ere betetzen, gaur egun indarrean dauden eskakizunak. Auto batek, batez beste, 12 urte irauten du Espainian, eta kalean dabiltzan beribilen erdiek hamar urte baino gehiago dituzte. Beste modu batez esanda, gehienek ez dute gaur eguneko baldintzak betetzen. Egoera hau ez da konpontzen diesel berriak uxatzen, zaharrak kaletik erretiratzen baizik.

Ministroak ez badaki ere, jendeak ez du auto berririk erosten, zaharrari kariñoa diolako, autoz aldatzeko besteko dirurik ez duelako baino. Hartara, irtenbidea ez da diesel berriei zergak gehitzea, diesel zaharrak baztertu eta berriak erosteko erraztasunak ematea baino.

Zalantzarik ez, gero, etorkizuna auto elektrikoa dela. Baina etorkizun hori ez da beste zazpi eta zortzi urtez gauzatuko. Eta, bitartean, trantsizio energetikoa errazteko irtenbideetako bat da dieselaren erabilpena areagotzea. Dieselaren ordez gasolina nagusitzen baldin bada, CO2ren isuriak gehitu baino ez baitira egingo.

Eta hori, nik uste, ez du inork nahi.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes