lunes, 27 de agosto de 2018

Ondasunen esportazioak %8,6 eta inportazioak %8,1 hazi dira ekainean Euskadin

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioek %8,6 egin dute gora aurtengo ekainean, urte arteko tasan. Guztira, 2.311 milioi eurora heldu dira; iazko hilabete berean, aldiz, 2.128 izan ziren artean. Ondasun energetikoen esportazioak %13,3 gehitu ziren; eta ez-energetikoenak, %8,1. Bizkaiak izan zuen hazkunderik handiena, Eustatek berriki ezagutzera emandako datuen arabera, %16,6rekin. Izan ere, ondasun ez-energetikoen esportazioak (%17,6) zein energetikoenak (%13,4) hazi ziren lurralde honetan. Lehenak, gainera, Bizkaitik esportatutako guztiaren %75,6 izan ziren. Araban, oro har, esportazioak %6,3 gehitu ziren; eta Gipuzkoan %0,8 urria besterik ez.
Guztira, EAEko ondasunen inportazioak %8,1 hazi ziren, 1.698 milioira heltzeraino. Inportazio energetikoak %13,1 gehitu ziren; eta ez-energetikoak, %6,5. Lurraldeka, Gipuzkoako inportazioek %14,3 jo dute hobera; eta Bizkaikoek zein Arabakoek alderantzizko joera izan dute, %9,9 eta %1,6 jaitsita, hurrenez hurren.
Jarduera adar nagusien azterketari dagokionez, eta esportazioei begira, nabarmena da ekainean motor ibilgailuen fabrikazioari lotutako produktuen hazkundea, %5,2koa zehazki. Halaber, horixe da esportazio bolumen handieneko adarra (osoaren laurdena, %25,3 zehatz-mehatz). Kokeria eta petrolio fintzea %23,2 hazi zen, esportazio guztien %9 izateraino; eta metalurgia, %14,9 —eta osotasunaren %14,7 da—. Bizkaian metalurgiarena eta petrolioa fintzearena nabarmendu ziren; eta Gipuzkoan, aldiz, makineria eta ekipoarena. Esportazioko muga-zergen partida nagusien artean hauek daude: 5-10 pertsonako turismoak, petrolio olioak, ibilgailuen zati eta osagarriak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak. Lau partida horien esportazioak ekaineko guztien %32,1 izan dira; eta 742,2 milioko balioa osatu dute.
Ekainean bost herrialde izan dira autonomia erkidegoaren bezero nagusiak munduan zehar —Frantzia, Alemania, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Italia—, EAEtik esportatutako guztiaren erditik gora hartu baitute, %52,8 hain justu. Horietako lau 28 kideko Europako Batasuneko herrialdeak dira, eta bertara joan dira esportazioen %65,3. Inportazioei buruz, erauzketa industrienak eta petrolioarenak —guztien %23,8 direnak— %20,8 gehitu dira. Hala jazo da metalurgian (%17,4), motor ibilgailuetan (%7) eta makineria eta ekipoan (%18,8).
2018ko lehen seihilekora begiratuta, EAEko esportazioak %8,4 hazi dira aurreko urteko epe berarekiko. Zehazki, 1.007,2 milioi euro gehiago bildu dira oraingoan. Gehien eman duena Bizkaia izan da, 514,7 milioirekin. Aipatutako aldian, Bizkaiko esportazioak EAEko handienak izan dira —5.105,8 milioi euroko metatuarekin eta %11,2ko hazkundearekin—. Araban hazkundea %9,5ekoa izan da —4.118,8 milioi— eta Gipuzkoan %3,7koa —3.724,5 milioi—. Produktu mota aztertuta, produktu ez-energetikoetan eman da hazkunderik handiena, 813,4 milioi gehiagorekin. Energetikoek, aldiz, 193,8 milioi eman dizkiote hazkundeari.

Bost herrialde izan dira EAEren bezero nagusiak: Frantzia, Alemania, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Italia.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes