jueves, 9 de agosto de 2018

Guztiz amaitu dira Artxandako jolas-parkea eraisteko lanak

Artxandako jolas-parkea iragana da jada, Ez bakarrik aspaldi itxi zutelako, baizik eta dagoeneko haren arrastorik geratzen ez delako. Ganguren mendiko partzela hutsik dago jada. 1990eko otsailaren 9ean itxi zen parkea publikoarentzat eta orain bertako eraikin eta egitura guztiak kendu dituzte. Ez da eraikuntzarik geratzen zutik. Ganguren mendiaren topografiaren araberako maila batzuk geratzen dira, eta leundu egin dituzte ezponda naturalen bitartez, modu horretan erortzeko arriskua murrizteko.
Eraisketa lanak zenbait fasetan burutu dira. Hala, lehenengo, eskuz kendu ziren, gaika, eremuan zeuden hondakinak —neumatikoak, bidoiak, ontziak, plastikoak, oholak eta antzekoak— ondoren tratatzeko. Eraikinen barruan altzariak, komunak, ateak, leihoak, hormak, paperak eta kartoiak zein instalazio elektrikoak kendu ziren estraineko esku hartzean. Lanen adjudikazioa Aldi Baterako Enpresa Elkarte (ABEE) bati eman zitzaion eta, aurrekoez gain, horko langileek eskuz kendu zituzten, banan-banan, anfiteatroko bost mila jesarlekuak.
Lanen azken fasean, hondeamakinek oraindik zutik eta egoera txarrean zeuden egiturak bota zituzten: bulego-eraikinak, leihatilak, jolas-parkeko etxolak, kafetegiak, komunak eta parkearen ezaugarri ziren metalezko piramide gorri aski ezagunak. Eraikinen hormigoia zehatu egin da bestalde, sakonuneak eta zuloak betetzeko eta desnibelak berdintzen dituzten ezpondak egiteko. Eraiste lanetan hondakinak sailka bildu dira, dagozkien edukiontzietan jaurtitzeko, eta hondakin mota bakoitza tratatzeko baimendutako kudeatzaileei eramateko.
Lanon helburua izan da lur guztia zero kotan uztea, eta horretarako egiturak bota dira eta lurreko zuloak eta sakonuneak estali. Horrela, desagertu egin dira elementu estrukturalak erortzeagatik edo landareek estalitako zuloengatik pertsonek izan zitzaketen arriskuak.
Parke zaharra eraisteko lanek 153 egun iraun dute, eta uztailaren 9an amaitu ziren guztiz. Hasieran 120 egun zen kontratua betetzeko ezarritako epea, baina luzatu egin da langileen segurtasuna bermatzeko eta eguraldiak eragindako atzerapenak direla-eta. Tartean elurteak izan ziren otsailean eta martxoan.
Lanen likidazioari dagokionez, azken kostua 869.599 eurokoa izan da. Horren eraginez %44koa izan da aurreztutakoa, kontuan hartuta Bizkaiko aurrekontu orokorretan jasotako partida 1,5 milioi eurokoa zela. Construcciones Intxausti SA eta Lezama Demoliciones SL enpresek osatutako Artxanda ABEEak egin ditu eraisteko lanak, eta Bilbao Arquitectos enpresak, aldiz, obra-zuzendaritza. 

Jolas-parkea 1990ean itxi zuten publikoarentzat eta orain eraitsi berri dute. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes