viernes, 3 de agosto de 2018

Eusko Labela duten produktuek Animalien Ongizateko Ziurtagiria izango dute

Eusko Labela duten produktuek urratsak egin nahi dituzte animalien ongizateko araudia betetzeko. Hala, ziurtagiri onartu baten bidez, modu ahalik eta objektiboenean frogatu nahi dute hori. Horretarako, Hazi eta Neiker-Tecnalia lanean ari dira ziurtapen-estrategietan, eta animalien ongizatea ziurtatzeko prozesua lantzen dabiltza animalia-jatorriko Eusko Labela duten produktu guztietarako, beti ere produktu horien araudiekin eta auditoria erraztu bidezko baterako ziurtapenarekin elkarlanean. Ziurtapen horri dagozkion zereginak Hazik egingo ditu.
Izan ere, Eusko Label produktuen ardura duen erakundea izanda, esperientziazko ziurtatzaileak ditu. Beste alde batetik, Neiker-Tecnalia Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreko ikerketa-zentroa denez, aditua da animalien ongizatean, eta arlo horretako ezagutzaren ekarpena egingo du. Zehazki, Eusko Labelaren araudien egokitzapenean lagunduko du, animalien ongizatearen arloko azken ezagutza zientifikoan oinarrituta. Aldi berean, animalien ongizateari dagozkienetan prestatu eta ziurtatuko ditu Eusko Label marka publikoko ikuskatzaileak, espezieetako bakoitzari dagozkion protokoloak aplikatu ahal izateko. Azkenik, ardi-aziendan, indiolar-aziendan eta gizentzeko oilaskoen aziendan protokoloak aplikatzeko dituen informatika-aplikazioak garatuko ditu, batzuetan beste erakundeen laguntzarekin. Helburua, honakoa: erraz eta eraginkortasunez egitea animalien ongizateari lotutako egoeraren jarraipena.
Neiker-Tecnaliak esperientzia eta jakintza handia lortu ditu animalien ongizatearen alorrean. Azken hamarkadan arlo horretako adituak gehitu ditu taldean eta animalien ongizatea oinarri duten zenbait proiektu garatu ahal izan ditu. Batik bat, hegaztien zaintzan eta ardi zaintzan. Hala, azpimarratzekoa da Neiker-Tecnalia taldea funtsezkoa izan zela ardien eta indioilarren ongizatea ebaluatzeko protokoloen garapenean. Protokolo hori, beranduago, oilaskoen ekoizpenerako egokitu da. Gainera, Neiker aitzindari izan da animalien ongizatea ebaluatzeko telefono mugikorreko munduko lehen aplikazioaren garapenean.
Honakoak dira ziurtatu nahi diren animalia-jatorriko Eusko Labeleko produktuak: Euskal Esnea, Euskal Okela, Euskal Esne Bildotsa, Euskal Baserriko Arrautza, Euskal Baserriko Oilaskoa eta Baserriko Txerria. Eusko Labelek dioenez, kontsumitzaileei kalitate-maila zorrotza eskaintzeko konpromisoa hartua du, eta produktuen jatorria eta benetakotasuna identifikatzeko aukera ematen die kontsumitzaileei. Konpromiso horri esker, kalitatezko ekoizpena sustatu ahal izan du eta, horrela, ekoizleen lana eta sarrerak babestu ahal izan ditu, sortu zenetik gaur egunera arte.
Orain, kontsumitzaileak eta salmenta-bideak informazio eta dohain berriak eskatzen hasi zaizkie euskal nekazaritzako elikagaiei  —jasangarritasunarekin, animalien ongizatearekin, gizarte-erantzunkizun korporatiboarekin eta bestelako ezaugarriekin lotuta—. Bide horretan, animalien ongizatearen ziurtagiriarekin erantzuna eman nahi zaio eskaera horri, animalien ongizatearen aldeko apustua eginez.

Kontsumitzaileak eta salmenta-bideak informazio eta dohain berriak eskatzen hasi zaizkie euskal nekazaritzako elikagaiei.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes