miércoles, 15 de agosto de 2018

Aldundiak garbigune mugikorrak jarriko ditu udalerrietan

Udazkenetik hasita, Bizkaiko Foru Aldundiak garbigune mugikorrak jarriko ditu horretan interesa duten udalerrietan. Modu horretan, ekipamendu horietan ematen den zerbitzua eraberritu eta eguneratu gura da. Gainera, garbiguneen ordutegia luzatu egingo da eta hondakin mota gehiago eraman ahal izan da bertara. Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarriak ipiniko ditu eta horietara eramaten diren hondakinak biltzeaz arduratuko da.
Garbigune mugikorrak herrien erdialdean kokatuko dira, nola erabili behar diren azaltzen duen informazio panel banaren ondoan, eta instalatu baino astebete lehenago abisua emango zaie herritarrei. Horrela, erabili nahi dutenek euren hondakinak batzeko denbora izango dute. Edukiontzi mota hori aldi baterako jarriko da, jakina, eta udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera zehaztuko da zenbat egunetarako; baina gehienez astebeterako. Epea amaitutakoan edukiontzia kendu, hustu eta beste leku batera eramango da. Edukiontziek zenbait hondakin mota biltzeko konpartimentuak izango dituzte. Metalezkoak izango dira eta bandalismoaren aurka babestutakoak.
Baina ez da hau udazkenetik aurrera abiatuko den ekimen bakarra. Zonaldekako estrategia bat ezarriko da, lehendik badagoen sarearen barruan bederatzi garbigune nagusi ezartzeko. Gainerakoen aldean berezitasun batzuk izango dituzte. Hala, egunero zabalduko dira, igande eta jaiegunetan izan ezik. Gainerako garbiguneetan arau orokor gisa onartzen diren hondakinak ez ezik, bestelakoak ere uzteko instalazioak izango dituzte: etxeko hondakin arriskutsuak —metalezko hondakin txikiak, esaterako zartaginak edo eltzeak; olio-iragazkiak; produktu fotokimikoak, erradiografiak, filmak eta argazki-papera, esaterako; desugertzaileak, agoarras sintetikoa, tinduak, zuzaren babesgarriak, aerosolak…— eta berriz erabiltzeko moduko kontserbazio-egoeran egon daitezkeen objektuak eta tresnak —altzariak, etxetresna elektrikoak, aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, bazar-gaiak, liburuak…—.
Garbigune nagusi horiek Barakaldokoa, Basaurikoa, Durangokoa, Erandiokoa, Gernika-Lumokoa, Getxokoa, Gueñeskoa, Igorrekoa eta Markinakoa dira, eta hiru irizpide baliatu dira horiek aukeratzeko: euren ingurunean biztanle gehien edo biztanle-dentsitate handiena duten herriak izatea, euren azpiegiturak hondakin mota berriak hartzeko ondoen prestatuta egotea eta erabilera handieneko garbiguneak izatea, bakoitza bere zonaldean.
Guzti horrekin batera, Garbikerrek garbigune guztietara zabalduko du aurten proba pilotu modura bost garbigunetan hasitako digitalizazioa. Horrela, instalazio horietan dabiltzan langileek gailu mugikor bat erabiliz erregistratu ahal izango dituzte sartzen diren pertsonak, uzten dituzten hondakinak, egiten dituzten iradokizunak eta beste zenbait kontu.

Garbiguneekin lotutako hainbat egitasmo abiatuko ditu aurten Foru Aldundiak.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes