19.556 pertsonak bisitatu dute Bizkaia Goazen autobusa urtarrilaren 30ean Bilbon aurkeztu zenetik oraintsuko uztailaren 6an Sondikan egin zuen azken bisitara bitartean. Orotara, Bizkaiko Foru Aldundiak bere kudeaketa, eskaintzen dituen zerbitzuak eta egiten dituen programa eta proiektuak ezagutarazteko abian jarritako autobus ibiltariak 6.320 kilometro egin ditu eta lurraldeko eskualde guztietako 65 udalerritako 98 kokalekutan egon da. Batzar Nagusien eskaeraren ondorioz sortutako ekimen honi dagokionez, autobusak legealdi honetarako ezarrita zituen helburuak bete ditu bisitari kopuruari eta horien parte-hartze aktiboari lotuta.
Bizkaia Goazen autobusera hurbildu diren milaka lagunek elkar eragiteko ikus-entzunezko eta multimediazko espazio batekin egin dute topo sartu direnean. Ikuspegi ezberdinetatik, Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren eta horiek pertsonen egunerokoan duten eragina azaldu zaie espazio horretan. Azalpenetarako, informazio-panelen, bideoen eta ukimen-pantailen bidez, adibide zehatzak erakutsi dizkiete.
Edozein herritarrek izan du Bizkaia Goazen autobusean sartzeko aukera eta, gainera, hitzartutako zenbait bisita antolatu dira hezkuntza-zentroekin eta udalerri bakoitzeko elkartegintza-sarearekin. Hala, era guztietako 805 kolektibo edo elkartek bisitatu dute autobusa: auzo-elkarteek, kultura eta kirolekoek, merkatarienek edo adinekoenek, eta baita hezkuntzako, lanbide-heziketako eta unibertsitateko ikasleek ere.
Autobusa bisitatu duten pertsonentzako, multimedia-euskarrietan azaldutako proiektu bakoitzaren galdetegi, partaidetza-dinamika eta ebaluazioen bidez, iradokizunak ekartzeko eta Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak baloratzeko tokia ere izan da. Mapa interaktiboek eta ukimenekoek 30.000 informazio-kontsulta baino gehiago eta 2.387 iradokizun jaso dituzte. Orain, iruzkin, ebaluazio eta ekarpen guztiak aztertuko dira eta, hala behar denean, sail egokietara bideratuko dituzte, eta foru proiektu ezberdinen ebaluazioan jaso.
Aldi berean, Bizkaia Goazen autobusaren bidez, 550 pertsona foru erakundeak herritarrekin harreman aktiboa sustatzeko sortu duen Bizkaitarren Sarera gehitu dira. Aldundiak martxan jarri dituen herritarren partaidetza-ekimenen berri izatea da horien xedea. Bisitariek 10etik 8,07 puntu eman dizkiote Bizkaia Goazen autobusaren esperientzia berritzaileari. Baloratu diren euskarri eta espazio guztiek 10etik 7 puntuko balorazioa gainditu dute.
![]() |
Aldundiak arrakastatsutzat jo du autobus ibiltariaren esperientzia. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.