Bizkaiko Foru Aldundiak hamar mila biztanletik beherako 92 udalerritako ibilbideetako asko jaso ditu aplikazio batean. Orotara ‘Kolesterolaren Ibilbide’ deitutakoen arteko 160 bildu ditu mapa batean, askotariko luzerak eta zailtasunak dituztenak, kilometro bete azpikoetatik hasi eta hamahirura artekoak. Bideak, zirkuituak eta ibilbideak dira, bai ofizialak zein herritarrek euren kabuz ibiltzeko ezarri dituztenak. Ez da gomendatutako ibilbideen gida bat, Aldundiak jarduera fisikoaren arloan lan egiten duten eragileekin, pertsonal teknikoarekin, udal arduradunekin zein herritarrekin konpartitu gura duen analisi tekniko bat baizik.
Zirkuituen bilaketa irizpide batzuk erabiliz egin daiteke: eskualdea, udalerria —baten batek udalerri bakarra baino gehiago zeharkatzen ditu—, ibilbidearen luzera, ibilbide-mota, zailtasuna, segurtasuna edo irisgarritasuna, esaterako. Ibilbide horien guztien analisi zehatza egin ondoren, ‘Kolesterolaren Ibilbideetan’ (www.bizkaia.eus/kolesterolarenibilbideak) datu asko eskaintzen dira. Hala, ibilbidea egiteko kalkulatzen den denbora, ibilbideak nolako inguruak zeharkatzen dituen (hiria, egoitzazkoa, industriala, landa-ingurua eta abar), dituen ekipamenduak, segurtasun-maila, irisgarritasuna, garraio publikarekiko konexioak eta baita zoladuraren egoera bera ere.
Webgunean zehazten direnen artean ibilbide horietara heltzeko era dago. Zirkuituari buruzko fitxa orokorrean jendeak ibilbidera iristeko dituen erraztasun eta aukerei lotuta dauden alde nagusiak ezagutarazten dira; adibidez, egoitzazko aldeetatik edo udalerrian jendea bizi den guneetatik hurbil egotea bezalako dtauekin. Horiek ez ezik, inguruan garraio publikoaren geldilekurik dagoen azaltzen da. Gainera, beste zirkuitu batzuekin dauden loturak zehazten dira, edo kotxez iristeko modukoak diren. Baita ‘Kolesterolaren Ibilbidea’ horrela identifikatzen duen seinalizazioa ote dagoen, edo atseden hartzeko aulkirik ote dagoen. Baita beste hainbat datu ere: iturririk edo komunik dagoen, babesa edo aterpea lortzeko moduak, telefono-estaldura nolakoa den eta horrelakoak.
Eskainitako datuen arteko garrantzitsuenetakoa da adinekoentzako jarduera fisikorako parkerik ote dagoen adierazten duena. Hori esaten denean normalean multzoetan jarrita egoten diren eta adineko pertsonek ariketa fisikoak praktikatzeko izaten dituzten aparatuak adierazten dira. Ibilbide guztietan aztertu den beste alde bat segurtasuna izan da. motordun ibilgailuen trafikoarekiko, altueretatik erortzearekiko eta argi naturalaren faltarekiko oinezkoek duten segurtasun-maila baloratu da.
Azkenik, beste zenbait aspekturen artean, webgunean zirkuituko zoladuraren egoera zein den argitzen da. Zoladura-mota eta ibiltzeari dagokionez duen egokitasuna zehazten dira. Arriskuren bat edo zoladuraren egoeraren ondorioz oinez egitea zailtzen duten puntuak markatzen dira. Sailkapena egiteko irizpide nagusia zoladuraren zurruntasunari lotuta egon da, talkek eragina izan dezaketelako behe-ataleko artikulazioetan eta bizkarrezurrean.
Hamar mila biztanletik beherako 92 udalerritako ibilbideak daude webgunean. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.