Euskadin gero eta haur gutxiago jaiotzen da. Jakina zen, baina datuak argigarriak bezain kezkatzeko modukoak dira. Iaz 17.076 ume jaio ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtean baino %6,4 gutxiago. Bertoko eta Estatuko gainerako lurraldeetako amen artean jaitsiera %7,5ekoa izan zen, eta %2,4koa atzerritarrei dagokienez. Zifra zehatzetara joz, Gipuzkoan 5.593 haur jaio ziren 2017an zehar, eta jaitsiera %7koa izan zen, hiru lurraldeetako handiena. Bizkaian, aldiz, 8.522 ume munduratu ziren (2016an baino %6,9 gutxiago); eta Araban beherakada %3,7koa izan zen, 2.961 ume jaio eta gero. Eustaten datuen arabera, mila biztanleko 7,8 jaiotzakoa izan zen iaz jaiotza-tasa Euskadin, Espainiakoaren azpitik, behin-behineko datuen arabera Estatu osokoa 8,4koa izan baitzen. Zifrarik handiena Arabakoa izan zen, %9,1; Gipuzkoakoa bigarrena, %7,8; eta Bizkaikoa azkena, %7,5.
Talde ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena izan zen, jaiotza guztien %36 horiei dagozkielako. Hala eta guztiz ere, 2016an baino zazpi hamarren azpitik geratu ziren iaz. Ostekoa 30-39 urte bitarteko amena izan zen, jaiotza guztien %34,7rekin, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiagorekin. 40 urtetik gorakoena izan zen jarraikoa, gero eta handiagoa baita, %10,1ekoa 2017an, aurreko urtean baino sei hamarren gehiagorekin. 25-29 urte bitarteko amen jaioberriak %13,5 izan ziren, bi hamarren gehiago; eta 20-24 bitartekoena, %4,5, hamarren bat gehiago. Ama nerabeak guztien %1,2 izan ziren, aurreko urteko zifra berbera.
Amen jaioterria kontuan hartuta, %22,3 atzerritarrak izan ziren, eta 3.810 haur ekarri zituzten orotara. 2016an, aldiz, %21,4 ziren ama atzerritarrak. Nazionalitate hauetakoak izan ziren ama gehienak: 735, Marokokoak; 347, Errumaniakoak; 247, Kolonbiakoak; 210, Boliviakoak; 194, Nigeriakoak; 181, Paraguaikoak; 164 Nikaraguakoak; 123, Ekuadorkoak; 119, Aljeriakoak; eta 116, Brasilgoak. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren Estatu osokoak baino urte gutxiagorekin izaten dira ama emakume atzerritarrak. 30 urte baino gutxiagorekin atzerritarren %40,7 izan da ama, eta Estatukoen %13 besterik ez. Amen batezbesteko adina 33,5 urtekoa izan zen. Espainiarren artean, 34,3koa; eta atzerritarrei dagokienean, 30,8koa. 2017an ama lehen aldiz izan zirenen batezbesteko adina 32,6koa izan zen.
Iaz ezkontzatik kanpoko jaiotzak 7.492 izan ziren, aurreko urtean baino %4,7 gutxiago. Horiek guztien %43,9 dira, 2016koak %43,1 izan ziren bitartean. Bizkaiko eta Arabako ehunekoak Euskadiko batezbestekoaren gainetik egon ziren, %45,4 eta %44,1 hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, %41,4 izan ziren. Duela hamar urte %27 ziren ezkontzaz kanpo jaiotzen zirenak.
Bizirik jaiotakoen arteko erlazioa honakoa izan zen: 100 neskatoko 107 mutiko. Mutilen batezbesteko pisua 3.307 gramokoa izan zen, eta neskatoena 3.211koa. Erditzeak 16.767 izan ziren: horietatik 16.389 bakunak; 374 bikoitzak; eta 4 hirukoitzak. Garaiz aurrekoak, ostera, 935 erditze izan ziren, guztien arteko %5,6.
![]() |
Euskadiko jaiotza-tasa mila biztanleko 7,8koa besterik ez da. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.