Aurreko barikuan eratu zen Bizkaiko Aldundiaren Foru Jauregian Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua. Hogeita bat erakundek osatzen dute eta, besteak beste, euskararem lurraldeetako erakunde garrantzitsuenak daude hor. Izan ere, uztaileko osoko bilkura baliatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu bertara. Han hitz egin dutenak Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordea eta Andrés Urrutia euskaltzainburua izan dira.
Bilera hau Foru Jauregian egiteak izan du funtsik, aurrekari historikorik. Izan ere, Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zen, zehazki hil horren 12an. Ramón de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Félix Landaburu Bizkaiko Aldundiko ahaldunek Euskararen Akademia bat sortzea proposatu zuten, hori izan baitzen eurek iradokitako lehen izena. Aldundiaren Osoko bilkuran gaia eztabaidatzea zen helburua, eta proposamena onartu egin zuen erakundeak urtarrilaren 25ean. Euskaraz egin zen eta argi azaldu zuen euskararen etorkizunerako ezinbestekoa zela erakunde baten sorrera. Honela esan zen, zehazki: “Lenen-lenen da, bidia atondu bear, beragandik ondo ibilteko ta bera zuzen erabilteko. Biar-añeko notiñen Bazkun bat, aldiak batak bestiakin aztertu ta aldan ondoen erabagiteko; utsunak bete; itzen ikurpena eta esanguria tinkotu-idazkera bat jari; izkelgiak bata be ezetsi barik eta alkare geitu ta aberastuta baino; orobatu; idaztiyak bildu; eta azkenez, izkera garbi, makebazko jakintz-lanetarako egoki ta erabilkora, eusko-erien gaigaria, emon dagizkun”.
Euskaltzaindia prest dago jada bere mendeurrena ospatzeko. Irailean hasi eta datorren urteko hil berera arte luzatuko dira ekitaldiak. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Akademiak esana da bete-betean egon nahi duela XXI. mendean eta azken 10-13 urteotan egindako aldaketa eta esfortzuek helburutik hurbil eraman dutela. Euskaltzaindiak mendeurrena baliatu gura du euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berrizteko eta, hala, guztiekin ospatu nahi du urteurrena.
Lehen jardunaldia Baionan egingo da irailean, eta Ipar Euskal Herriak euskararen batasunari egin dion ekarpena aztertzeko bilduko dira. Urrian, batasunerako prozesua bera jorratuko dute, Arantzazun. Datorren urtean egingo dira gainerakoak: urtarrilean, hizkuntza eskubideena, Iruñean; otsailean, ahoskerari buruzkoa, Gasteizen; martxoan, dialektologiarena, Bilbon; maiatzean literatura gaiei buruzkoa, berriz Bizkaiko hiriburuan; onomastika jardunaldiak Gasteizen izango dira, ekainean; gramatikari buruzkoak Donostian, uztailean; eta irailean bukatuko dute mendeurrena, Donostian, teknologia berriei buruzko jardunaldiarekin.
![]() |
Bizkaiko Foru Jauregian eratu da Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.