Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 26 milioi euro bideratuko ditu 2018-19 ikasturteko unibertsitateko eta goi mailako ikasketetako beketarako. Zehazki 25,78 milioi eramango dituzte horietako laguntza nagusiek Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duten ikasleei begira. Berton edo Estatuko gainontzeko tokietan kokatutako edozein zentrotan dabiltzanek jasoko dituzte laguntzok, beti ere graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak, unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera begirakoak, 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatera sartzeko prestakuntza-ikastaroak —unibetsitate ez-presentzialetakoak— edo goi-mailako arte ikasketak baldin badira horienak.
Aurtengo deialdiko berritasun nagusietakoa familia ugarikoa izateagatik aplikatutako kenkarietan dago. Izan ere, kenkari hauek aurreko urteetakoak baino handiagoak izango dira. Kategoria orokorreko familia ugarien kasuan, familia-errentaren gaineko kenkaria 500 eurokoa beharrean 525ekoa izango da, ohiko bizilekuan bizi den neba-arrena bakoitzeko, eskatzaile barne hartuta. Kategoria bereziko familia ugarikoa bada —bost seme-alaba edo gehiagokoa—, kenkaria 765 eurokoa beharrean 800ekoa izango da.
Bestalde, iaz bezala, Euskaditik kanpo unibertsitatez besteko goi-mailako ikasketak burutzen ari diren ikasleak ere matrikula osagaiaren onuradun izango dira. 2017-18 ikasturtean 11.803 ikaslek jaso dute unibertsitateko beka orokorra, horren osagaietakoren batean edo zenbaitetan. Hala nola, matrikularekin, material didaktikoarekin, hiriarteko joan-etorriekin, probetxu akademikoarekin, egoitzarekin edo ezohikoekin lotuta.
Beka orokorrez gain, badira bestelako laguntzak ere. Horietakoak dira euren ezaugarri fisikoak eta psikikoak direla-eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuetara bideratutakoak. 100.000 euro jarri ditu Hezkuntza Sailak honetarako. Helburua honakoa da: mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek euren ikasketa-zentrora iristeko garraiobide publiko egokituak izan arren erabili ezin dituztenei edo garraiobide publikoak erabili ahal izan arren beste pertsona baten laguntza behar dutenei laguntzea. Oraintsu amaitu den ikasturtean 14 ikaslek eskuratu dute laguntza hau.
Azkenik, bikaintasun akademikoko bekak daude. Etekin akademiko handiko ikasleei zuzendutakoak dira. Ikasleek Euskadiko edo Estatuko unibertsitateetan matrikulatuta egon behar dute, gradu-ikasketak egiteko. Beka hauen xedea da unibertsitateko ikasleen ikasketetan eta ikerketa zereginetan bikaintasuna sustatzea, etekin akademikoa sarituz. Urtero 120 beka ematen dira horretarako, eta kopuru osoa 120.000 eurokoa da.
![]() |
Unibertsitateko 11.000tik gora euskal ikaslek jaso dituzte bekak aurreko ikasturtean. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.