Emakumeen askatasunaren aldeko eta eraso sexisten aurkako kanpaina bat abiatu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Batik bat, udaroan hain ohikoak diren jaiei begirakoa da, ‘Jaietan ere, neure aukera/En fiestas, yo también elijo’ goiburupean. Mezu hau hainbat sare sozialetan eta kanpoko espaziotan zabalduko dute garraio publikoaren bitartez. Zenbait lineak hartuko dituzte bereziki, jaiekin bat egiten dutenak aukeratu baitira. Aipatutako leloarekin batera, beste mezu batzuk agertuko dira: ¡Yo decido cómo me visto y con quién me desvisto, jaietan eta beti’, ‘No bailo para ti, bailo para mí’, ‘Kaleak eta gauak gureak ere badira’ edo ‘Nire gorputza nirea da’, besteak beste. Gainera, #NeureAukera #YoElijo traola erabiliko da kanpainan.
Fiskaltzak edo Ertzaintzak sexu-erasoei buruz ezagutzera emandako datuak oso kezkagarriak dira. Fiskaltzaren azken memorian, 2016. urteko datuak biltzen dituen horretan, sexu askatasunaren aurkako erasoek Espainian gora egin dutela adierazten da, 2015ean 1.081 izatetik hurrengo urtean 1.271 izateraino. Horri dagokionez, jasotakoaren arabera, gora egin dute bai sexu-erasoek (417 2015ean; 476 2016an), baita sexu-abusuek ere —hauek, nabarmen—.
Kalifikazio-idatzien arloan, sexu-askatasunaren aurkako delituak izan ziren kopuru handienekoak (1.061: horietatik 387, sexu-erasoak; 192, sexu-abusuak; eta 85, bortxaketak). Horrez gain, Ertzaintzak eta udaltzaingoek egindako memoriaren arabera, arau-hauste penalek iaz %1,45 egin zuten gora Euskadin. Bizkaiko kasuan, zehatz, %1,05 hazi ziren. Hazkunde oso txikia da arau-hauste penal guztiekin alderatuta. Hala ere, sexu-erasoen kasuan Euskadiko igoera %30ekoa izan zen, eta Bizkaikoa %27koa. Hilketen, etxebizitzetako lapurreten eta pertsonen aurkako larderia bidezko lapurreten erregistroek behera egin zuten arren, familia inguruko tratu txarrek eta sexu-erasoek gora jo zuten.
Sexu-erasoen kopuruak %30 eta %27 gora egin izan horrek adierazten du 2016an 42 eraso gehiago erregistratu zirela Euskadin, eta 22 gehiago Bizkaian. Beste era batera esanda, duela bi urte Erkidegoko zein tokiko poliziek erregistratutako sexu-erasoen kopurua 140koa izan zen Euskadin eta iaz, aldiz, 182ra arte egin zuen jauzi. Bizkaian, berriz, 80 eraso erregistratu ziren 2016an, eta 102 iaz.
Aldunditik adierazi dutenez, horrelako kopuruek erakusten dute zein beharrezkoak diren erakundeetatik har daitezkeen neurri guztiak eta abian jar daitezkeen kanpainak. “Emakumeak beti gara aske, gure janzkera eta gure jarrera edozein izanda ere”, esan zuen Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak. Jaiei begirako kanpaina honetan Ana Urrutia kazetariak bere irudia jarriko du mezu guztiak aurpegi ezagun eta konfidantzazko baten bidez gizarteratzeko. Egun hauek aukeratu dira kanpaina abiatzeko Euskal Herriko hainbat lekutakoa den San Juan jaia delako udako jaien hasiera nolabait sinbolizatzen duena.
![]() |
Ana Urrutia kazetariak jarriko dio bere irudia kanpainari. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.