domingo, 10 de junio de 2018

Ia milioi bat euroko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak euskara sustatzeko

Eusko Jaurlaritzak ‘Euskalgintza’ deritzan deialdia onartu berri du, era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean ia milioi bat euro banatzeko —979.200 zehazki—. Deialdi honen helburua, honakoa: gizarte bizitzan euskara sustatzea, garatzea edo-ta normalizatzea xede dutenen artean diru-laguntzak ematea. Hori lortze aldera, euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera eta proiektuak lagunduko dira. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bideratuko ditu, eta bere esku dauden deialdien arteko nagusietakoa da honakoa. Urtero ehun proiektu baino gehiago laguntzen dira diruz deialdi honen bitartez. Iaz, esaterako, 153 izan ziren Jaurlaritzaren babesa jaso zutenak.
Orotara, zazpi multzo ezberdinetako proiektuak laguntzen dira honen bitartez. Batetik, euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak daude, esparru ez formalekoak, bereziki aisialdikoak. Eta horiekin lotuta, euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz gizarte aktibazioaren bidez hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak daude. Halaber, bigarrenik, euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak leudeke.
Baina askoz gehiago dago deialdi honen barruan. Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak, adibidez; edo-ta euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde eta digitalizatu eta hedatzea helburu dutenak —gehienez ere hiru egitasmo dira honakoan laguntzekoak, puntuazio altuena lortzen dutenak—. Bestalde, euskarari zuzenean lotutato alderdiak aztertzea xede duten jardunaldiak lagunduko dira, asko jota zazpi egitasmo, puntuazio altuena lortzen dutenak.
Azkenik, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak lagundu gura ditu diruz Jaurlaritzak, gehienez ere bi egitasmo lagunduta, aurrekoetan bezala puntuazio altuenekoak direnak. Eta azken multzoa euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoei emango zaie laguntza: irakurketa eta idazketa trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak. Kasuon zazpi egitasmo lagunduko dira gehien jota, aurkeztutako guztien artean puntuaziorik handiena lortu dutenak. Laguntzokin, Eusko Jaurlaritzak euskararekiko duen konpromisoa nabarmendu nahi du beste behin, hizkuntza sustatzea, eta horren ondorioz erabiltzea, zein garrantzitsua den nabarmenduta.

Ehun proiektutik gora laguntzen ditu Jaurlaritzak deialdi honen bitartez.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes