lunes, 4 de junio de 2018

Bizkaiak Zaintzaileen Estatutua aurkeztu du, horiei laguntzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak Zaintzaileen Estatutua aurkeztu du, horien aldeko konpromisoa zehazteko. Helburua: ardura publikoko hainbat neurri modu mailakatuan ezartzea, pertsonak zaintzen dituztenen lana aitortu, lagundu eta hobetzeko. Momentuon, Bizkaian Familia Ingurunean Zaintzeko Prestazioaren 17.491 onuradun daude eta horrek esan nahi du beste hainbatek mendekotasun egoeran dauden pertsonak modu informalean zaintzen dituztela.
Urte amaierara arte Aldundiak ezarriko dituen neurrien artekoak da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) baten sorrera. Horren bidez, zaintzaileek aurreikuspen sistemei egindako ekarpenak konpentsatuko dira. Gainerako neurriak zaintzaileen informazioa, laguntza, prestakuntza, ergonomia, osasuna eta atsedenaldiarekin zerikusia dutenak dira. Horietarako, urtean 3,7 milioi inbertituko ditu erakundeak.
Zaintzaileen Estatutuak hainbat jarduera barne hartzen ditu. Batetik, zaintzaile informalen administrazio eta lege mailako aitorpena sustatu gura da, eta aurreikuspen sistemei egindako ekarpenak konpentsatzea. Aurreikuspen sozial osagarrirako tresnak abian jartzea apustu garrantzitsua da zaintza lanak aitortze aldera. Bestalde, zaintzaileentzako informazio eta laguntza zerbitzu integrala garatuko da. Hala, modu mailakatuan, kasu bakoitzaren koordinatzaileak edo administrazioko erreferentziazko pertsonak izendatuko ditu, familia ingurunean zaintzeko prestazioaren onuradunarentzat eta zaintzaile nagusiarentzat. Profesional horrek esku-hartze integratzaile, koordinatu eta jarraitua izango du, beharrak identifikatzeko xedearekin, esku-hartze plana diseinatzeko eta mendekotasun egoeran dagoen pertsonaren eta zaintzailearen arretan parte hartzen duten profesionalekin eta zerbitzuekin jarduerak koordinatzeko.
Zaintzailearen prestakuntza eta eguneratze profesionala ere bultzatuko dira. Irailean Zaintza Eskola jarriko da abian, eta bertan zaintzaren alderdi nagusien berri emango zaie zaintzaileei, mendekotasuna duten pertsonak artatzeko gizarte-baliabideen eta baliabide komunitarioen inguruko prestakuntzarekin batera. Horrez gain ZaintzApp aplikazio teknologikoa garatuko da, zaintzari buruzko aholkuak, bideoak eta jakinarazpenak bidaltzeko.
Zaintza-lanean segurtasuna eta ergonomia sustatzea da beste egitekoetako bat, zaintza informalak eragin ditzakeen osasunerako arriskuak minimizatzeko gidaritza bat antolatuta. 90 mediku-azterketa hartuko ditu barne, eta horietan zaintza-lanen ondoriozko ohiko patologien berri emango da. Azkenik, zaintzaileen aldizkako atsedenaldia bermatu gura da. Hala, Estatutuarekin bat egiten duten zaintzaile guztiek atsedenaldirako denboraldi baterako eskubidea izango dute, horri lotuta ezarritako baldintzen arabera. Asteburuetan eguneko zentroetan egoteko aukerarekin batera, urrats bat gehiago egingo da mendekotasuna duen pertsonari egoitzen foru sarean urtean 15 eguneko aldi baterako egonaldiak ziurtatzeko, horiek Egoitza Zerbitzuari lotutako prestazioen bitartez finantzatuta.

Zaintzaileen Estatutuak hainbat neurri aurreikusten ditu, modu mailakatuan indarrean jarriko direnak.
 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes