Bere 718. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu ditu Bilbok, Gau Zuria deritzan ekimenaren barruan. Bilbao 700 Fundazioak antolatutakoa da, eta estrainekoz bi gau izango dira hartuko dituenak: ekainaren 15ekoa eta 16koa. Urtebetetzea ospatzeko ekitaldien artean argi eta soinu ikuskizunak, antzerkia, musika, bideo mapping izenekoa eta esperientzia sentsorialak daude. Helburua hiriburuan dauden guztiek zenbatgura ekimen izatea da, bazter guztietan zerbaitetaz gozatu ahal izatea. Badira aurtengorako propio landu direnak. Hala Bilbo Unibertsora bidaiatzea, Antzinako Greziako lanpadoforoak ezagutzea, argi konstelazioak behatzea eta tamaina handiko loreak mirestea posible izango da, oihartzun interaktiboko jolasekin edo txotxongilo erraldoiekin batera.
Gau Zuriaren egitaraua ekitaldiz josiko duten ikuskizunak Bilboko hainbat tokitan dira egitekoak, besteak beste Gizakunde elizan, Rekalde Aretoan edo Arriaga Plazan. Lehenean, transfigurazioa izenekoa egingo da: musika klasiko eta garaikidez osatutako argi eta soinuzko ikuskizuna da, espazioa goitik behera aldatuko duena. Lau zatitan eta beste horrenbeste musika mugimendutan (introspekzioa, bilaketa, transfigurazioa eta betetasuna) banatutako pieza da. Orkestrarekin egingo diren emanaldiok 22:00etan, 22:45etan, 23:30etan, 00:15etan eta 01:00ean izango dira. Marzana moilan, aldiz, chill out saioa hartuko du. Argazkiak egiteko, atseden hartzeko eta solasteko txokoa izango da honakoa. Gauzak komunikatzeko eta elkarrenganako komunikazioa bideratzeko modu bat landu gura dute bertan.
Santiago katedralaren atarian, ostera, lau musika talde eta abesbatza ariko dira: Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea, San Antonio Iralabarri Korala eta San Anton Abesbatza. Gaur larunbatez bigarrenaren saioa 21:00etan izango da eta azkenarena 23:00etan. Bestalde, Euskal Museoko klaustro estalian ‘La historia y la Villa de Bilbao’ protagonista duen Bertse antzeki ikuskizuna eskainiko da. Bidaia bat da denboran, Bilboren nortasunaren gakoa ezagutzeko, hiriaren sorrera, hazkundea eta garapena oinarritzat hartuta. Eraldaketa-eredu gisa duen garrantziaz eta 2018ko Europako hiririk onena izendatzera arte landutakoaz ere egingo da halako hausnarketa mamitsu bat. Emanaldiak 22:30, 23:15, 00:00 eta 00:45etan izango dira.
Euskaltzaindiaren egoitzan, Plaza Barrian, eguzkilorez apainduta daude balkoiak, erakundearen mendeurrenaren harira. Arriaga plazan Bilbo Unibertsoa deritzana jarri dute, bertakoek nahiz kanpokoek bisitatu ahal izango duten planeta instalazioa. Areatzako estalpean Beyond izeneko instalazioak argi-tunel handi bat bilakatuko du espazioa. Udaletxe aurrealdea, bitarteam, kolorez jantziko da Adlib Creations etxearen aireko izpi luzez osatutako argi eta diseinu grafikoko ekoizpen batekin. Uribitarten Lampadophores egingo da, Antzinako Greziarekin lotutakoa. Azkenik, Bizikidetasun plazan 8 metroko diametroko kupula garden bat jarri dute argi eta musika ikuzkizun bat eskaintzeko, Albia lorategian lanpara-tulipazko bodegoi bat dago eta Zabalgunean, PlazArt deritzana, musika, dantza eta sormena gainezka duten ikuskizunez osatutakoa.
![]() |
Bilbok bere sorreraren urtemuga ospatuko du, hainbat ekitaldiz jositako egitarauaren bitartez. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.