jueves, 28 de junio de 2018

Aurrekoarekiko ia alderik ez hezkuntzako Ebaluazio Diagnostiko berrian

ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) egindako 2017ko Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Honako hau oinarrizko konpetentziak neurtzen dituen azterketa da. Indarrean dagoen curriculuma erreferentziatzat hartzen den arren, ez dago ikastetxe bakoitzean egiten den curriculumaren garapen espezifikoari lotuta. Ikasleak egoera jakin batzuei eta arlo jakin batzuekin lotutako egoera eta arazoei aurre egiteko dituen ezagutzak aktibatzeko eta erabiltzeko duen gaitasuna neurtzea da helburua.
Etapa-erdiko Ebaluazio Diagnostikoak informazio zabala eta zehatza eskaintzen du eta hori, batetik, administrazioarentzat oinarri izango da hezkuntz-politikak bideratzeko eta jarduera-programak eta estrategiak abian jartzeko eta berrikusteko. Beste alde batetik, ikastetxeentzat ere guztiz oinarrizko izango da ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen berrikusketa kritikoa eta hobekuntza-planak egiteko.
Proba zentsala eta kanpokoa da —ikastetxeez kanpoko pertsonalak burutzen du— eta Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek hartzen dute parte. Lehen Hezkuntzako 4. mailako proba 527 ikastetxetako 21.338 ikaslek egin dute, eta DBHko 2. mailan, berriz, 326 ikastetxetako 21.436 ikasle ebaluatu dira. Ebaluazio Diagnostikoak bost hezkuntza-konpetentzia aztertzen ditu: matematika-konpetentzia, konpetentzia zientifikoa eta komunikazio linguistikoa euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez.
Ebaluazioaren datuek aldaketa gutxi eman dituzten aurrekoarekiko. Oro har, Lehen Hezkuntzako 4. mailan aztertutako konpetentziek jaitsiera leunak izan dituzte —konpetentzia zientifikoan izan ezik, honetan igoera leuna izan delako—; DBHko datuek aldiz, gorako joera eman dute ia konpetentzia guztietan —zientifikoa ez den gainerakoetan, hori lehengoan geratu delako—. Lehen Hezkuntzako datuetan, euskarazko eta ingelesezko konpetentzia linguistikoak puntu bana galdu du, eta gaztelaniazkoak bi. DBHn, ostera, euskarazko eta gaztelaniazko konpetentziak puntu bana egin du gora, eta ingelesezkoan nabarmenagoa da igoera, 4 puntuko gorakadarekin. Matematika eta zientzia konpetentziei dagokienez, joera antzekoa izan da. Emaitzek diote matematiken kasuan, Lehen Hezkuntzan 3 puntu egin dela behera, DBHn gora jo duen kopuru bera. Konpetentzia zientifikoan puntu bateko igoera leuna eman da Lehen Hezkuntzako emaitzetan, eta emaitza berbera da DBHn 2015eko Ebaluazio Diagnostikoarekin alderatuta. 
Ikasle gehienek gainditu dituzte gutxieneko errendimendu mailak, eta emaitzetan familia-inguruneak nabarmen eragiten duela berretsi da. Gure sistemak ikasle errepikatzaileen %10 inguru ditu Lehen Hezkuntzako 4. mailan, eta %20 DBHren erdian. Konpetentzia guztietan nabarmena da ia ikasle etorkin guztiek bertako ikasleek baino emaitza okerragoak dituztela, bi taldeen arteko aldea murrizten doan arren. Bestalde, elebitasuna aurrera doa hezkuntza-sistemari esker, baina azkenaldian moteldu egin da joera hori. Azkenik, neskek errendimendu-maila orekatuagoa dute ebaluatutako konpetentzia gehienetan mutilen aldean. 

Neskek errendimendu-maila orekatuagoa dute mutilek baino.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes