martes, 1 de mayo de 2018

Ogasunak 171 milioi itzuliko ditu Errenta kanpainaren lehen egunetan

Maiatzaren lehen lanegunak Errenta kanpainaren hasiera dakar. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 171 milioi euro itzuliko dizkie lehen egunotan 206.000 zergadun ingururi. Horretarako, apirilean 333.835 aitorpen proposamen sortu eta bidali zituen Ogasunak etxeetara. Horietatik 223.158 dirua itzultzekoak dira, eta 110.677 ordaintzekoak. Lehenei dagokienez, proposamenarekin ados dauden zergapekoek ez dute inolako izapiderik egin behar izan, eta likidazioaren emaitza datozen egunotan jasoko dute. Izan ere, proposamenen %8 baino ez dira baztertu edo zuzendu. Dirua sartu behar dutenei buruz, horiek guztiek baieztaturik edo bazterturik egon beharko dute ekainaren 29a baino lehen, egun horretan itxiko baita Errentaren kanpaina.
Kanpaina honetan Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Zergaren (PFEZ) 571.000 aitorpen izapidetuko dituela espero du Foru Ogasunak. Hori ahalbidetzeko, hainbat baliabide eta zerbitzu jarri dira zergapekoen esku. Dagoeneko bidali diren renta etxean edo renta web proposamenez gain, maiatzaren 2an abian jarriko da aitorpenak prestatzeko eta aurkezteko doako zerbitzua sei banketxeren hirurehun bulegotan. Iazko kanpainan bide hori baliatu zen 129.370 aitorpen aurkezteko, eta beste 143.455 Errentaren webgunearen bidez aurkeztu ziren (www.bizkaia.eus/renta). Atari horretan, zergapeko orok bere datu fiskalak eta laguntza programa deskarga ditzake, aitorpena prestatu eta aurkezteko. Iaz 37.537 zergadunek aukeratutako beste bide bat izan zen aitorpena laguntza programa baliatuta egitea, inprimatzea eta finantza erakunde laguntzaileetan zein Foru Ogasunean eman ahal izatea.
PFEZaz gain, hilaren 2an hasten da Ondarearen gaineko zergaren aitorpena egiteko epea. Ogasunaren zerbitzu teknikoek egindako aurreikuspenaren arabera, 7.900 zergapekori dagokie aitorpen hori aurkeztea, bataz besteko zenbatekoa 9.494 eurokoa izanda. Hala, Ondare kanpainaren emaitza 75 milioi eurokoa izan dadin espero dute Foru Aldundian. Aurrekoetan bezala, Ondare aitorpena internet bidez baino ezin izango da aurkeztu, eta zerga horren menpekoek bide berberori erabili beharko dute PFEZren aitorpena aurkezteko ere.
PFEZ edo Ondare aitorpenei buruzko zalantzarik edo argibiderik behar izanez gero, zergapekoek badute nora jo, Foru Aldundiak horretarako bitartekoak jarri dituelako. Izan ere, informazio guztia izango dute eskuragarri bai Errentaren webgunean, zein 94 608 3000 telefonoan edo Ogasunaren eta Finantza Sailaren lurralde osoko bulegoetan.

Kanpainan zehar PFEZren 571.000 aitorpen izapidetuko dituela espero du Foru Ogasunak.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes