domingo, 13 de mayo de 2018

'Euskararen historia' izeneko liburua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak ‘Euskararen historia’ liburua aurkeztu du, Euskal Herriko Unibertsitearekin (EHU) lankidetzan. Euskararen bilakaera historikoa laburbiltzen da bertan, eta talde-lan handi baten emaitza izan da, hizkuntzaren eboluzioaren fase bakoitza aztertzen duena. Kapitu ezberdinetan aditu bakoitzak zehatz eta era ordenatu batean jaso du euskararen historiari buruzko gaur egungo ezagutza, eta berriro ikertu beharreko aldeak ere identifikatu ditu. Hizkuntzalariez eta filologoez gain, historialariek hartu dute parte liburua osatzeko lantaldean. Egile gehienak EHUkoak diren arren, badira Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Université de Pau et des Pays de l’Adour-ekoak ere.
‘Euskararen historia’ honetan hikuntzaren bilakaera historikoa baldintzatu duten faktore nagusiak aztertu dira, ikertutako aldiaren arabera faktore horien inguruko ezagutza-maila ezberdina dela kontuan hartuta. Dena den, eta liburuki osoari beharrezko barne-koherentzia emateko, osatzen duten kapituluek antzeko egitura dute, edo berdintsua, eta horrek erraztu egiten du, besteak beste, eboluzioaren aldi ezberdinak alderatzea. Hala, kapitulu bakoitzaren hasieran, izaera historiko orokorra duen sarrera eskaintzen da, hizkuntzaren bilakaera dagokion testuinguruan kokatzen laguntzeko. Sarrera horren ondoren, kapitulu bakoitzak euskararen zabalkundeari buruzko informazioa eskaintzen du, beti nolabaiteko ziurtasun-mailarekin zehaztu ahal izan denetan. 
Kapitulu bakoitzean aztertutako hirugarren gaia hizkuntzaren testigantza dokumentala izan da. Euskararen historia zehazteko erabil daitezkeen datu linguistikoak aurkezten dira, emaitza historikoa ateratzeko datu horiek nola erabiltzen diren adierazita, eta azaletik eskaintzen da idatzizko testigantza horien analisi grafiko, fonologiko eta morfosintaktiko bat. Laugarren atal batean, historian zehar euskara bere inguruneko beste hizkuntza batzuekin lotu izan duten harremanen berri ematen da: komunitate linguistikoen arteko kontaktu-egoerek komunitate horien historia baldintzatzeko joera dute, eta hori bereziki antzematen baita euskararen kasuan. Azkenik, kapitulu guztietan ez bada ere, atal zehatz batek garai edo aldi bakoitzari dagozkion ideia linguistikoak eta garapen gramatikografikoa aztertzen ditu. 
Liburuan erabili den periodizazioa zabal onartua da, eta muga kronologikoekin lotu da, gehienetan hizkuntzarekin berarekin zerikusirik ez duten mugarri historikoei dagozkienekin: 711. urteak arabiarrak iberiar penintsulara iritsi izana adierazten du; 1745, besteak beste, Manuel Larramendiren Hiztegi hirueleduna argitaratu zen urtea da; 1876an foruak abolitu ziren, horrek ikuspegi historiografikotik duen garrantziarekin, eta Pizkundea izeneko mugimendu kulturalaren hasierarekin batera jazo zela ahaztu gabe; eta 1968. urtea hizkuntza estandarra bateratzeko prozesu garaikidearen abiapuntu izan zen. Euskararen historiarako erreferentziazko emaitza izango da liburu honek eskainitakoa, horren inguruan metatutako jakintzak egoki antolatzekoa, sintesi lana azken batean.

Euskararen nondik norakoak ezagutzeko erreferentziazko lana izango da honakoa, bere historia egoki antolatzekoa.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes