sábado, 19 de mayo de 2018

Enplegu-erregulazioko espedientea eta enpresaren itxiera jasan duten langileei laguntza emango die Aldundiaren Aterki programak

Bizkaiko Foru Aldundiak Aterki deritzan programa abiatu du, birkualifikazioa lortzeaz gain laneratzeko laguntza emango diena enplegu-erregulazioko espedientea edo enpresaren itxiera jasan duten langabeei. Helburua: ahalik eta azkarren berriz lanera itzul daitezen gorantz datozen sektore ekonomikoetan. Programa garatzeko, Aldundiak Ibilgailuen Industrien Euskadiko Klusterra-ACICAE, Bizkaiko Merkataritza Enpresen Konfederazioa-CECOBI, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea-GAIA eta Emplea Euskadi izango ditu bidaide. Orotara, inbertsioa 708.000 eurokoa izango da, 310 pertsonarengana heldu eta horietatik 120 laneratu daitezen lortzeko.
Aterki programa enpresa-itxierek eta enplegu-erregulazioko espedienteek ekarritako arazoei erantzuteko sortu da. Globalizazio prozesuak, zenbaitetan kudeaketa-eredu berrien eskutik etortzen denak, eta eredu horiek eragindako deslokalizazioek ehunka lagun uzten dituzte lanik gabe. Bizkaian sustraitutako enpresak izan dira horietako batzuk, aberastasuna sortzen eta kalitatezko enplegua bermatzen zutenak. Hala, Aterki programa erantzun bikoitza da. Batetik, enplegu-erregulazioko espedienteek eta enpresa itxierek eragindakoen menpeko pertsonentzat eta, bestetik, lanpostu berriak betetzeko langile kualifikatuak eskatzen ari diren enpresentzat.
Hala, ACICAEk, Ibilgailugintzaren Klusterrak, A4D proiektua garatuko du; Auto4D dinamizatzaileak 4.0 industriarako trebatzeko goi mailako programa. CECOBIk, aldiz, merkataritza sektorean, Enkarterrirako lehentasunezko proiektu bat dauka. Emplea Euskadik garraioaren eta logistikaren sektoreko birkualifikazio prozesua garatuko du; eta GAIAren ardura izango da ezagutzaren eta teknologia aplikatuaren industrien sektoreko birkualifikazioa lantzea. Programan izena emateko epea zabalik dago. Webgune bat prestatu da horretarako, www.aterki.eus, eta bertan dago argibide gehiago. Gainera, aterki@bizkaia.eus helbide elektronikoa erabil daiteke informazio gehiago nahi izanez gero. Era berean, Enplegua Sustatzeko Aldundiko Zuzendaritzaren telefonora jo daiteke: 94 406 8008 zenbakira, hain zuzen. Lankide diren entitateek ere aurreinskripzio horiek egiteko moduak dituzte euren web orrialdeetan. 
Aterkiren azpian babesa emango zaie langileei zein enpresei, gaitasun espezifiko berriak eskatzen dituzten sektoreetan laneratzeko trebatzen diren heinean. Pertsona, bere gaitasunak eta beharrizanak, jarri nahi dira laneratze-prozesuaren erdigunean, parte-hartzaileetako bakoitzak bere kualifikazioa eta laneratze premiei egokitutako ibilbide pertsonalizatua izateko, orientazioari, prestakuntzari, bitartekotzari eta laneratzeari dagokienean.

Aterki programak langileentzat zein enpresentat izan nahi du lagungarri.

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes